Inertziak astintzeko

Mintzalasai jaialdiak euskaraz bizitzeko 75 ekitaldi proposatu ditu Baionan, Angelun eta Miarritzen. Bisita gidatuak, tailerrak eta beste izango dira

2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Mintzalasai jaialdiak zazpigarren aldia du aurten. Hilabete osoan, hamaika ekitaldi izango dira Baiona, Angelu eta Miarritzen, helburu jakin batekin: euskaraz bizitzea eta biziaraztea. Antolatzaileek iritzi diote iritsi dela euskara denekin partekatzeko garaia, bai eta inertziak «astintzeko» garaia ere. Izan ere, Baiona-Angelu-Miarritze eskualdean 15.800 euskal hiztun daude, eta 550 heldu euskalduntzen ari dira, besteak beste.

Datu horiek aldeko eta ikasturte berriak ematen duen indarrarekin, gogotsu hasiko da Mintzalasai; guztira 75 ekitaldi antolatu dituzte 45 elkartek auzolanean. Aurtengo berritasunen artean ordaintzeko modua dago; bakoitzak bere nahiaren eta ahalaren arabera ordainduko ditu ekitaldiak.

Momentuak

Prestatutako ekitaldiak momentutan banatu dituzte. Esate baterako, larunbat guziz haur eta gurasoen arteko momentuak egongo dira dantzaren bidez, bidaia musikalen bidez... Momentu azkarrak ere proposatzen dituzte, hainbat belaunaldi euskararen inguruan elkartzeko asmoz. Horren barruan, Seaskaren Gliss Eguna, Euskaraldiaren izen emateen abiatzea eta Euskal Irratien euskal rocka omentzeko Esker 1000 egitasmoa izango dira.

Gazte eta helduentzako momentuak ere egongo dira: bisita gidatuak, tailerrak, mintzapraktika... Gogoetaldien barruan, bestalde, zenbait hitzaldi eta euskararen inguruko formakuntza proposatzen dituzte. Jaialdia hilaren 30ean bukatuko da, eta egun osoko festa egingo dute Miarritzeko Marion aintziran.

Egitarau osoa ikusteko, jo webgune honetara: mintzalasai.eus.

Mintzalasai

Baionan, Angelun eta Miarritzen (Lapurdi), hilabete osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.