ATZEKOZ AURRERA

Memoriaren mugimendua

Bilboko Udalak parke fisiko-kognitibo bat instalatu berri du Ametzolan. Adinekoen osasun kognitiboa bultzatzea eta, bide batez, bakardadea borrokatzea da helburua.

Mari Angeles Gonzalezek estreinakoz erabili du instalazioa. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Ametzolako tren geltokiaren paretik ezin da ikusi parke fisiko-kognitiboa. Trenbidearen Etorbideko pasealekuko zutabe erraldoiek estaltzen dute. Haien arteko espazioak aprobetxatu dituzte —lau, konkretuki— berdez margotutako instalazio hori paratzeko. Ondorioz, Ametzola parkeko goiko aldean disimulatuta geratzen da adinekoei bideratutako parkea. Pasealekuan aurrera egin ahala, ariketa gunea ibiltariaren begien bistan agertzen da: uztartuta daude ariketa fisiko eta kognitiboentzako tramankuluak, eta bizikleta deigarriek zenbakiz betetako panel handiekin partekatzen dute espazioa. Batzuk hala jabetzen dira horietaz: ibiltzeko ohiko tokitik dabiltzala haiekin ia tupust egiten, bat-batean. Hizki zopak, atsotitzak, batuketak, biderketak, kenketak... Halako ariketak jorra ditzakete adinekoek parkean.

Mari Angeles Gonzalez Buenok hedabideei esker izan du parkearen berri. Jakin-minak bultzatuta, ezagutu beharra duela erabaki du. «Zer zen ikustera etorri naiz; ez nuen ezagutzen». Ez da maiz ibiltzen inguru horretatik, baina salbuespena egin du parkea ikusteko. Lourdes Cocak, berriz, ikusia zuen. Harentzat ere ez da ohiko tokia, baina, behin, bide alternatibo bat hartu, eta adinekoentzako gune horrekin egin zuen topo. Bigarrenez bueltatu da, baina ohiko bihurtzetik urrun dago: «Harago bizi naiz; beraz, ez naiz hemendik etortzen. Baina, pasatzen banaiz, erabiliko dut».

Antonio Benavideren kasuan, bisita ez da anekdotikoa. Eguneropasealekutik ibiltzen denez, parke fisiko-kognitiboa derrigorrezko geralekua bihurtu da bere ibilbidean. Berean, eta beste askorenean: «Jende asko etortzen da, gehienak adinekoak, eguzkiak gogor jotzen hasi baino lehen». Arrakasta edukitzen ari dela esan du, nahiz eta abuztuko goizetan erabiltzaile gutxiago egon. Hamarrak eta laurdenetan, Benavide baino ez dago pedalei eragiten; Gonzalez eta Coca oraindik ez dira heldu. «Orain, gehienak oporretan daude».

Bakoitzak berea

Bilboko Udalaren egitasmoak ariketa aukera zabala eskaintzen die erabiltzaileei: joko kognitiboei dagokienez, eragiketa matematikoak ebatz ditzakete, edo atsotitzak osatu; gorputza mugitzea memoria trebatzea baino nahiago dutenek, aukeran dute hankei edota eskuei eragitea. Edo biei aldi berean, pedalak eta eskuleku mugikorrak dituen bizikletari esker.

Horietako batean jarri da Benavide, baina berak besoetakoa besterik ez du erabiliko. Etxean baduenez bizikleta estatiko bat, hanketako ariketak eginda etortzen da, edo arratsalderako uzten ditu. Besoak mugitzekorik ez du, ordea, eta behar hori asetzeko ondo datorkio Ametzolakoa: «Besoetatik operatu behar nautenez, hona nator, horiek mugitzera». Bukatu duenean, zutitu, eta paseoarekin jarraitu du 84 urteko gizonak, egunero bezala.

Bakoitzak bere nahi edo beharretara egokitu du parkeak eskaintzen diona; txoko guztietatik igaro ordez, bat edo gutxi batzuk aukeratu dituzte, horietan baino ez aritzeko. Gonzalezek ere, gaur egindako lehen bisitan, lehentasunak finkatu ditu. Soilik ariketa kognitiboek eman diote arreta. «Memoriarekin zerikusia duen guztia gustatzen zait». Matematikako irakasle ohia izanik, «bereak» erakarri du bereziki; alegia, zenbakiek. Hala ere, bola zuri-beltzak ordenatzeko tokia hautatu du Ametzolako instalazioan estreinaldia egiteko. Eskura dituenak ikusirik, hemendik aurrera parke fisiko-kognitibora joateko asmoarekin aldendu da bertatik. «Eskailerak igotzeko esaten ez didaten bitartean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.