Itsasadar inklusiboa

Uretara jaialdiak ur kirol egokituak egiten jarriko ditu elbarritasunen bat dutenak, bihar goizean, Bilboko itsasadarrean

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Bilboko itsasadarra inoiz baino inklusiboago ikusi ahalko dute bihar Itsas Museoaren ingurura biltzen direnek. Izan ere, 10:00etatik 14:00etara, piraguaz, traineruz eta arraun surfeko taulaz lepo egongo da Euskalduna zubiaren azpialde osoa, Uretara ekitaldia dela eta.

Fekoorren eta Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioaren ekimenez, kirol egokitua sustatuko dute denentzat eskuragarri izango den aisia eta kirol eremu batean. Izan ere, ekitaldiak iraungo duen lau ordu horietan, elbarritasunen bat dutenek ur kirol ugariz gozatu ahalko dute; esaterako, piraguismoaz, traineruez eta arraun surfaz.

Kirola, bazterkeriarik gabe

Nahiz eta elbarrientzako egitasmo bat izan, jende guztiarentzat irekita dago, inolako bazterkeriarik gabe, ez adinagatik, ez gaitasunagatik.

Festaren helburua kirola sustatzea da, eta, zehazki, uretako jarduera egokituei bultzada bat ematea. Uretako kirol horiek guztiak egiteko aukera izateaz gain, musikak girotuko du espazio inklusibo hori. Gainera, kirola egin ondoren, hamaiketako bat eskainiko dute gosetuta dauden horientzat.

Egitasmoak Bilboko Udalaren eta beste erakunde publiko batzuen babesa du, baita Goazen Up elkartearena ere. Elkarte horrek egokitutako arraun surfa bultzatzen du.

Fekoor da festaren antolatzailea. Irabazi asmorik gabeko erakunde horren helburua hau da: gutxitasun fisiko edota organikoren bat dutenak gizartean euren buruaren jabe izatea.

Uretara jaialdia

Bihar, 10:00etatik 14:00etara, Bilboko Itsas Museoaren inguruan, Euskalduna zubiaren azpian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.