Datorren asteko estreinaldiak

Harremanak eta enkontruak

Ryusuke Hamaguchik emakumeak protagonista dituen hiru istorio harilkatu ditu 'Guzen to sozo' filmean. Japoniako klase ertaina eta harremanen ajeak landu ditu azken lanetan

Ryusuke Hamaguchi zinemagile japoniarraren Guzen to sozo filmeko bi emakume. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bi emakume gazte, adiskideak, taxi baten barruan, olgeta lasai arinean, haietako batek ezagutu berri duen mutil baten inguruan. Konfiantzazko tonuan, zirika puntuarekin batzuetan, intimoago besteetan, lehen enkontruen magia horretaz, eta lilura hori desagertzearen beldurraz. Ryusuke Hamaguchi zinemagile japoniarraren Guzen to sozo (La ruleta de la fortuna y la fantasía Hego Euskal Herriko zinema aretoetako bertsioan) filmeko lehen sekuentzietako bat da, eta lanaren hainbat ezaugarri erakusten ditu: sekuentzia luze soilak, elkarrizketa arin bezain gizatiarrak, kokapen urbanita ez-lekuzkoak...

Film iradokitzailea ondu du Hamaguchik, eta kritikaren eta publikoaren onespena eskuratu ere bai: besteak beste, Berlingo Zinemaldian Epaimahaiaren Zilarrezko Hartza saria jaso zuen, eta Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean izan zen ikusgai; urte oparoa izan du Hamaguchik, eta, orain estreinatuko den filmaz gain, Zinemaldiko Perlak sailean aurkeztu zuen Doraibu mai kâ filma ere. Ez da nolanahiko lana hura ere, hiru ordu irauten duen obra bat baita. Guzen to sozo-k bezala, elkarrizketarako jaidura du, baina giza arimaren sakontasunera egiten du modu nabarmenagoan. Kritiko askorentzat aurtengo film bikainenetako bat da, Hamaguchi egungo zinemagile puntakoenen artean kokatzen duena. Ikusteko dago zinema areto komertzialetan estreinatuko duten Doraibu mai ká.

Bai batean eta baita bestean ere Hamaguchik kasualitateez hitz egiten du, ilusio printzez eta etsipenez, damuez, beldurrez eta maitasun askotarikoez, bizitzaz azken batean. Ez dago artifiziozko surik, ez dago ekintza asaldagarririk, solas-hizketa naturalistak dira gidari, gogoeta eginarazten dutenak baina biziak era berean; gidoiak erraz eta interesez egiten du aurrera.

Filma hiru istorio edo fabulek osatzen dute, eta hiruretan emakumeak dira protagonista: maitasun triangelu batean murgilduko diren bi adiskide; sedukzio jolas betean erabat barne biluztuko den emakumea; eta, elkarren ezezagun izanik, bestearen presentzian iraganeko mamuak ikusiko dituzten beste bi emakume. Goxotasuna eta sarkasmoa kontrastean, hiru istorioen bidez Japoniako klase ertainaren erretratua egingo du egileak, beldurren, etsipenen eta damuen galeria unibertsal bat haizatuz.

Eszenaratzea soila da; filmeko hiru istorioek gorantz egiten dute apurka, harik eta ikuslea erabat harrapatzen duten arte. Pertsonaiak mimoz eraikitzen ditu Hamaguchik; apenas kamera mugitu gabe, haien barne psikologian barneratzeko bideak irekitzen ditu. Ezusteko gertakari txikien aurrean jolasean jarriko ditu, eta agertzen dira orain lotsagabe, orain hauskor, batean zirikatzaile eta hurrengoan barnerakoi.

Hamahiru urte igaro dira Passion (2008) estreinako lana aurkeztu zuenetik, eta, orduz geroztik, pixkana-pixkana, estiloa doituz eta lengoaia propio bat eraikiz joan da Hamaguchi, duela zenbait urtetako Happî awâ-Happy Hour-ekin (2015) erakutsi zuen bezala. Hura ere Zilarrezko Hartzarekin saritu zuten Berlinalen.

'GUZEN TO SOZO'
Zuzendaria: Ryusuke Hamaguchi. Aktoreak: Kotone Furukawa, Kiyohiko Shibukawa, Katsuki Mori, Ayumu Nakajima, Fusako Urabe. Herrialdea: Japonia.
Urtea: 2021. Iraupena: 121 min.
Generoa. Drama.
Estreinaldia. Azaroaren 5ean estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.