Datorren asteko estrenaldiak

Auto bidaia mugitua

'El cuarto pasajero' Alex de la Iglesiaren azken filma da. Auto berean doazen lau lagunen bidaia bitxia du hizpide

Ruben Cortada eta Blanca Suarez aktoreak filmean. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Alex de la Iglesiaren azken lana datorren ostiralean iritsiko da zinema aretoetara, El cuarto pasajero filma hain zuzen. Bilbotarrak ibilbide luzea du zinema munduan, makina bat film eta telesailetan parte hartu du; hori bai, kameren atzean.

Hasieran, BlaBlaCar jarri behar zion titulua filmari, autoa partekatzeko mugikorretarako aplikazioari erreferentzia eginez, baina azkenean izena aldatzea erabaki zuten ekoizleek. Aipatutako aplikazioa da filmaren ardatza, hura erabiltzen baitute auto berean bidaiatzeko.

Julian (Alberto San Juan) 50 bat urteko gizonezko banandua da, eta hark gidatzen du autoa. Sarritan jotzen du autoa partekatzeko aplikaziora, eta bidaiari fidelen bat ere badu. Lorenak (Blanca Suarez) sarritan joan behar izaten du Madrilera, eta Julianekin egiten ditu bidaia horietako asko. Julianentzat Lorena lagun bat baino gehiago da, eta bidaia horietako bat baliatu nahi du Lorenarekiko dituen sentimenduak emakumeari azaltzeko. Baina gauzak ez dira protagonistak nahi duen moduan ateratzen, eta gainerako bi bidaiariek dena hankaz gora jarriko dute.

Euskal Herrian, Errioxan eta Madrilen egin ziren filmaketak. Ekoizleen artean daude Telecinco Cinema, Pokeepsie Films (Errementari filma ekoitzi zuen ekoiztetxe bera), eta Te has venido arriba ekoiztetxeak.

Gidolariarekin elkarlana

Filmaren gidoia idazteko ardura Jorge Gerrikaetxebarriak izan du, De la Iglesiarekin batera. Ez da zinema zuzendariak eta gidoilariak elkarlanean egin duten lehen lana: Perfectos desconocidos filmean eta 30 monedas telesailean elkarrekin aritu ziren, esaterako.

El cuarto pasajero-k maila handiko aktoreak ditu. Alberto San Juan da aktoreetako bat. El otro lado de la cama filmarengatik egin zen guztiz ezagun, eta, hark dioen moduan, nahiz eta antzerkia gustukoago izan, ez da pantailetatik aldendu. Blanca Suarezek ere parte hartu du filmean. Ez da De la Iglesiarekin lan egiten duen lehen aldia, Mi gran noche eta El Bar filmetan ere parte hartu baitu.

1988. urtean debutatu zuen lehen aldiz De la Iglesiak Mama film laburrean. Geroztik lan eta lan ibili da zuzendaria, eta markak hautsi dituzten filmak sortu ditu.

Las brujas de Zugarramurdi, Zugarramurdiko sorginen inguruko fantasiazko filmak zortzi Goya sari lortu zituen. Gainera, aipagarria izan zen arrakasta komertziala lortu zuen; izan ere, ia 15 milioi euroko irabaziak izan zituen. Ez da irabazi handiak lortu dituen film bakarra. 2017. urtean, film italiar baten remake bat egin zuen: Perfectos desconocidos filma, hain zuzen. Besteak beste Belen Ruedak eta Eduardo Noriegak parte hartu zuten film horretan, eta ia 20 milioi euroko irabaziak izan zituen.

EL CUARTO PASAJERO
Zuzendaria: Alex de la Iglesia.
Aktoreak: Alberto San Juan. Blanca Suarez, Ernesto Alterio, Ruben Cortada, Carlos Areces.
Herrialdea: Espainia.
Gidoia: Alex de la Iglesia, Jorge Gerrikaetxebarria.
Iraupena: 132 minutu.
Generoa: Komedia.
Estreinaldia: Urriaren 28an estreinatuko dute hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.