Datorren asteko estreinaldiak

Netflixen ere 'Black is Beltza'

Netflix plataforma digitalean eskainiko dute Fermin Muguruzaren animaziozko filma, ostiralean. Bigarrena prestatzen ari dira jada, eta, ondo bidean, 2022an estreinatuko dute

Black is Beltza animaziozko filmaren fotograma bat. Ondo bidean, datorren urtean estreinatuko dute bigarrena: Black is Beltza II Ainhoa du izena. BLACK IS BELTZA.
Nagore Arin.
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Duela bi urte pasatxo estreinatu zuten Black is Beltza animaziozko filma; 2018an, hain zuzen. Antzoki eta zinema areto ugaritan proiektatu dute geroztik Fermin Muguruza musikariak zuzenduriko lana, eta datorren ostiralean beste euskarri batean estreinatuko dute: Netflix plataforma digitalean. Hala, jauzi bat gehiago egingo du zabalpen horretan, gaurdaino iritsi ez den ikus-entzuleengana eta pantaila txiki zein handietara helduz. Euskaraz ikusi ahal izango da.

Ertz askotarikoak jasotzen ditu Muguruzaren Black is Beltza lan entzutetsuak. XX. mendearen bigarren erdialdean girotuta dago filma, 1965. urtean. New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatu dezakeela dioen gonbidapena jaso du Iruñeko sanferminetako erraldoien konpartsak. Ezingo dute, baina, guztiek desfilatu: arrazagatiko bereizkeria dela kausa, galarazi egin dute erraldoi beltzen parte hartze oro. Batzuek burumakur onartuko dute hori, baina Manex Unanue deituriko pertsonaiak, berriz, aurre egingo dio erabaki arrazista horri.

Bat gehiago zerrendara

Era horretan hasita, eta benetako gertakarietan oinarrituta, Manex pertsonaiaren begietatik biziko du ikus-entzuleak filma. Manex bera da protagonista, eta bera izango da, hain justu ere, erraldoi beltz horietako bat New Yorkera eramaten saiatuko dena. Tartean,eta gaztearen begietatik, 1960ko hamarkadan gizartea irauli zuten gertakariak ezagutu ahal izango dira: Malcolm X-ren heriotza, Andy Warholen tailerreko giro bitxia, Pantera Beltzen eta Kubako zerbitzu sekretuaren artean sortutako harremana eta hippy mugimenduaren lehen pausoak, musikaren inguruko lehenengo makrojaialdien giro psikodelikoaz inguratuta.

Donostiako 66. Zinemaldianestreinatu zuten ekoizpena, eta, geroztik, hainbat sari jaso ditu.Nazioarteko hainbat jaialditan ere proiektatu dute, eta ikusle, aditu zein zinemazale askoren hitz adeitsuak jaso ditu. Orain, milioika erabiltzaile dituen Neflix plataforma digitalean izango da ikusgai, oraindik igaro ez dituen muga ugari gainditzeko. Hala, plataforma horretako euskal ekoizpenen zerrendara gehituko da Black is Beltza: dagoeneko ikusgai daude, besteak beste, Loreak, Handia, La Trinchera Infinita, El Hoyo, Errementari eta Akelarre.

Gainera, animaziozko filmaren beste lan bat ere egongo dela iragarri dute: Black is Beltza II Ainhoa. Ondo bidean, 2022an estreinatuko dute, eta Ainhoa deituriko pertsonaiaren jiran joango da. Ainhoa ozta-ozta jaio zen Bolivian, haren ama atentatu parapolizial batean erail baitzuten. Kuban hazi eta gero, 1988an iniziazio bidaia bati ekingo dio Euskal Herrirantz, Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, kazetari bat eta haren kuadrilla ezagutuko ditu. Pixkanaka, bideak batuz joango dira, eta gertakari askoren lekuko izango dira.

'BLACK IS BELTZA'
Zuzendaria. Fermin Muguruza.
Aktoreak. Besteak beste, Unax Ugalde, Ramon Agirre, Rossy de Palma, eta Willy Toledo antzezleek jarri diete ahotsa pertsonaiei.
Urtea. 2018.
Iraupena. 88 minutu.
Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko duteNetflix plataforma digitalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.