ATZEKOZ AURRERA

Ihesaldi bat zuri-beltzean

'Segoviako ihesa' filmak 40 urte bete ditu. Zer testuingurutan sortu zen kontatzeko, hainbat argazki eta objektu ikusgai jarri dituzte Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.

Barrote batzuen artetik sartzen da erakusketara. JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ihesaldi baten barrunbeetara eraman zituen ikusleak Segoviako ihesa filmak: xehetasunez xehetasun kontatzen zuen nola egin zuten kartzelatik ihes 29 presok, komuneko sei azulejuren atzean hainbat hilabetez tunela zulatzen ibili ostean. Bitartean, musika doinua eta pilota partidetako hotsa erabiltzen zuten tunela egiteko zulaketetako hotsa entzun ez zedin.

Filmaren barrunbeak ezagutzeko, Ihesaldi baten oroitzapenak. Segoviako ihesaren 40. urteurrena izeneko erakusketa jarri dute Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Izan ere, 40 urte bete ditu Imanol Uribek zuzendutako filmak, eta grabaketetako argazkiak, jasotako sariak eta objektuak bildu dituzte bertan.

Zuri-beltzeko bide bat osatzen du erakusketak. Sarreran, pareta zurietan kokatuta, informazio panel beltzak daude, eta filma sortu zeneko testuingurua azaltzen dute: 1981ean grabatu zuten, hain zuzen, otsailaren 23ko estatu kolpe saiakeraren ondotik. Izan ere, egun hartako goizean bertan eskatu zituzten baimenak grabatzeko eta Guardia Zibilaren uniformeak eta armak erabiltzeko, eta baiezkoa jaso zuten gerora.

Atentatuz, lapurretaz, bahiketaz eta polizia jazarpenez betetako testuinguru soziopolitikoan ekoitzi zuten filma, hain zuzen ere, ETA politiko-militarreko presoen 1976ko ihesetik bost urtera. Filma Juan Jose Roson Espainiako Barne ministroaren etengabeko jopuntuan egon zen.

Filmaren atzean gordetako istorioak ere ezagutarazten ditu erakusketak. Esaterako, ekoizleen artean izan zen Angel Amigo, benetako ihesaldian parte hartu zuen presoetako bat. Guardia Zibilak, berriz, ekoizpenean lagundu zuen, aktoreei aholkuak emanez, antzezpena sinesgarria izan zedin; hortaz, preso ohiak ziren aktoreekin lanean aritu ziren.

Testuinguruan kokatzeko panel horiek pasata, barrote batzuen artetik sartzen da filmeko objektuak eta argazkiak biltzen dituen gelara, bisitariak senti dezan kartzelan bertan sartzen dela. Filmaren kartel ofizialak pasatu ostean, Jesus Uriartek filmatze lanak egin bitartean ateratako argazkiak ikus daitezke, horiek ere zuri-beltzean.

Filmeko eszenen argazkiez gain, grabaketen atzeko argazkiak ikus daitezke erakusketan: besteak beste, Tolosako eskolapioen eskolan eraikitako dekoratuaren planoak —bertan eraiki baitzuten filmeko kartzela—, eszena bateko travelling bat nola egin zuten ikusteko argazkia, eta filmazio taldearen argazki bat. Baita jarraitutasuna errespetatzeko egindako argazkiak ere: sekuentziak ez zituztenez jarraian grabatu, aktoreen itxura xehetasunez zaintzeko egin zituzten.

Argazkiez gain, ordea, ikusgai daude bestelako objektuak ere: gidoi originala eta filmaketan erabilitako klaketa bera ere bertan daude. Pantaila bat dago, eta filmaren zati bat proiektatzen du etengabe.

Euskal zineman «mugarria»

Filma euskal zinemagintzako mugarritzat jo dute: 29. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, eta goraino bete zen Viktoria Eugenia antzokia. Fipresci kritikaren saria lortu zuen, «nazioarteko politikan arreta bereganatu zuten duela gutxiko benetako gertaeren gaineko ikuspegi inpartzialagatik», erakusketan azaltzen denez. Saria ikusgai dago, baita irabazi izanaren arrazoia eskuz idatzita ere, Imanol Uriberen izenarekin batera.

Horrez gain, garai hartan sortu berria zen Eusko Jaurlaritzaren babesa zuen filmak, eta gerora, euskal zinemagintzarako diru laguntzak eman zituen. Urriaren 30era arte egongo da erakusketa ikusgai, filmaren atzeko istorioak ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.