Datorren asteko estreinaldiak

Itzuleraren errusiar mendian

Luzaroan etxetik urrun egon den emakume baten itzulera du ardatz Pedro Collantesen 'El arte de volver' film luzeak. Hurrengo ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian

Noemi, filmeko protagonista, New Yorketik Madrilera itzultzen denean topatzen duen lagun batekin hitz egiten. EL ARTE DE VOLVER.
Nagore Arin.
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Itzulera baten kontakizuna da El arte de volver filma. Sei urtez New Yorken izan ondoren, etxera bueltatu da Noemi, protagonista: interpretazioaren munduan hara eta hona ibili ostean, bere jardun profesionala aldatu dezakeen casting batean parte hartzera bueltatu da Madrilera, sorterrira. Pedro Collantes zinemagilearen opera prima da, eta harrera ona izan du.

Madrilera iritsi eta lehenengo 24 orduak errusiar mendi baten gisakoak izan dira Noemirentzat. Luzaroan ikusi ez dituen pertsona ugarirekin topo egin, eta espero ez zituen egoera berezien aurrean aurkituko da: familiakoak, lagun min izandakoak eta ezezagunen bat, tartean. Ikus-entzuleak ere momentu horien guztien parte izango dira filmean; izan ere, New Yorketik itzuli eta Madrilen lur hartu ondoren, beste barne bidaia batean murgilduko dira.

Iragana, oraina, etorkizuna. Familia, laguntasuna, maitasuna. Nortasuna, existentzialismoari buruzko krisiak. Gai asko bildu ditu zuzendariak ekoizpenaren mamian, eta guztiak igaroko dira momenturen batean edo bestean Noemiren begietatik. Etxera itzultzearen eta etxean bezala ez sentitzearen ardura gailenduko da batzuetan, eta, hala eta guztiz ere, bertan gelditzeko beharrazhausnartuko du beste batzuetan. Bi mundu eta bi etxe, parez pare jarriak eta Noemiren kontraesan ugarien eta sentipenen mamiak bereiziak.

Elkarrizketen garrantzia

Macarena Garciak interpretatu du Noemiren pertsonaia, eta alboan izan ditu Nacho Sanchez, Ingrid Garcia Jonsson, Mireia Oriol, Celso Bugallo edota Luka Peros antzezleak. Guztiak dira Noemiren harreman sarearen parte, eta, batzuetan, baita Noemiren egonkortasun faltaren erantzule ere. Momentu horietan, indar handia hartzen du gidoiak; izan ere, kritikari batzuen iritziz, elkarrizketen funtsa da filmaren ezaugarri indartsuenetako bat. Beste zinemazale batzuen ustez, berriz, artifizialegiak dira.

Ezaugarri teknikoei begira, leuntasuna izan da jendeak gehien azpimarratu duen hitza. Sekuentzia luzeak ageri dira, eta kontatzearen alde baino gehiago, iradokitzearen alde egin du zuzendariak. Ez du ezer nabarmendu nahi izan, gehiago jo baitu Noemiren nahasmenaikusleengana garraiatzearen alde. Eta, horrela, atmosfera nahasgarri eta leun bat lortu du, giro hori zinema aretoetara ere garraiatuz.

Erantzun ona izan du, eta Veneziako Biurtekoan izan duen presentzia da, agian, horren adierazlerik esanguratsuena. Hautagaitza hori lortuta, jaialdi horretan hautatua izan den lehen zinemagile espainiarra da Collantes. Zuzendaria izateaz gain, gidoilaria eta muntatzailea ere bada. Zinemaren historia ikasi zuen, eta muntaketaren arloan espezializatu zen gerora. 2018az geroztik, Oscar sarien (AMPAS) akademiako kide ere bada, eta haren film labur ugari nazioartean estreinatu dira.

'EL ARTE DE VOLVER'
Zuzendaria. Pedro Collantes.
Aktoreak. Macarena Garcia,Nacho Sanchez, Ingrid Garcia Jonsson, Mireia Oriol, Luka Peros, Celso Bugallo.
Herrialdea. Espainia.
Urtea. 2020.
Iraupena. 90 minutu.
Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.