ATZEKOZ AURRERA

Santu txiki, besta handi

Korporazio txikiak txupinazoa bota ondoren abiatu dira San Fermin Txikiak, Iruñeko Alde Zaharreko bestak. Jende anitz bildu da, eta kaleek berehala hartu dute jai itxura.

Haurrek hartu dute plaza San Fermin Txikiko txupinazoan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Borborka ziren atzo Iruñeko Alde Zaharreko kaleak. Udaletxe plaza lepo, sanferminetako txupinazoan bezala. Ez zen txupinazorik, aitzitik: gazte eta nerabeak ziren, motxila bizkarrean hartuta klima aldaketari aurre egiteko neurriak aldarrikatzen. Metro gutxira, beste elkarretaratze bat, Aldapako San Fermin elizaren aurrean. Besta eta ongi pasatzeko gogoa ziren han aldarrigai. Han bai, han zen txupinazoa.

Bi besta egun ditu Fermin sainduak: uztailaren 7a eta irailaren 25a. Iruñean, biak ospatzen dituzte: sanferminak eta San Fermin Txiki. Bigarrenaren txanda, beraz. Besta txikiagoak dira: auzotarrek antolatzen dituzte, hiru egunez ospatzen dira, batik bat Nabarreriako burguan egiten dira ekitaldiak... Baina handiak, hala ere. Iruindarrentzat uztailekoak bezain garrantzitsuak.

Herenegun jarduera batzuk baziren ere, atzo ekin zioten gehienek bestari. Eguerdian, San Frantzisko eta Dominicas eskoletako haurrek Maiatzaren Biaren kalerako bidea hartu zuten, irakasleekin eta gurasoekin batera. Batzuk kartoiarekin egindako erraldoi eta guzi. Alde Zaharreko erraldoi txikiak ere batu ziren bestara, baita kilikiak ere.

Aldapako San Ferminen elizaren teilatuan zen ordurako korporazio txikia, kapela buruan eta aginte makilak eskuan: Unax Santamaria, Uxue Pascual, Krisly Rosa Diaz, Iker Seron eta Leire Ruiz arduratu dira aurten txupinazoa botatzeaz. Kirioak dantzan zituzten, eta tarteka behera begiratzen zuten, ezinegona arindu nahirik edo. Behean jende uholdea zuten, gora begira, gozokiak noiz botako zain. Haietako askok poltsak eraman zituzten, altxor gozoa gordetzeko.

Teilatutik behera gozokiak botatzen dituztenean eromena izaten da. Bataila bat, ea nork gozoki gehiago jaso. Horregatik, arauak aipatu zituzten mikrofonoaren bidez: ezin zen bultzatu, lasai egon behar zuten —guziek izanen zutelako gozokiak hartzeko aukera—, ez begiratu gora —gozokiren batekin «begia ez galtzeko»— eta ezin ziren motxilak, kutxak edo buelta emanda irekitako aterkirik erabili gozokiak airean ehizatzeko. Zeruan dir-dir egiten zuten lehenbiziko gozokiak erortzen hasterako, arauak ahantzi, eta guda hasi zen.

Horren aurretik, txupinazoa bota zuten. Korporazio txikiko kideek beren burua aurkeztu zuten, eta hitz batzuk esan zituzten: «Oso zoriontsu gara San Fermin Txiki ailegatu delako. Faborez, ez bultzatu, ikusten zaituztegu eta. Gora San Fermin Txiki!». Azken oihua isiltzearekin batera aditu zen suziriaren aireratzea, eta eztandarekin batera hasi zen besta plazan. Haurrek oihuka egin zioten ongietorria jaiari, eta Aldapan gora kantuaren erritmoan dantzan. Eskola guzietakoak, uniformedun zein uniformegabeak, denak, aho batez, kantuan, euskaraz.

Txupinazo handia

Korporazio txikiarendako handia izan zen atzokoa. «Txupinazoa gustatzen zait gehien, eta entzierrora eta zezensuzkora joatea», azaldu zuen Pascualek. «Oso urduri jarri naiz txupinazoa botatzean, inoiz ez dudalako egin». Parean zuen Santamaria. Berak ezetz, ez zuela urduritasun punturik. «Ongi pasatuko dugu jaietan», zioen. Diazentzat «demasa» izan zen txupinazoa: «Zeruan hegan ikusi dut, eta, bat-batean, eztanda egin du».

Gozokiak banatzeari utzita ere haurrek ez zutenez alde egiten, pailazo itxurako kilikia atera zen gunea garbitzera. Baita lortu ere korrikaldi pare batekin. Gero erraldoien dantzak eraman zituen denak, Hamelingo txirulariak eginen lukeen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.