Hiru gizon hil dira Kasedan, bi familiaren arteko tiroketa batean

50 urteko gizon bat eta haren 29 eta 17 urteko bi semeak dira hildakoak. Foruzaingoak 53 urteko gizon bat eta haren bi semeak atxilotu ditu

itziar ugarte irizar
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Foruzaingoak hiru gizonezko atxilotu zituen atzo arratsaldean, Kasedan (Nafarroa) beste hiru gizon hiltzea egotzita. Bi familiaren arteko liskar batetik eratorri zen dena; bi aiten eta haien bi semeen arteko eztabaida gaiztotuz joan zen, eta eskopetaz tiro egin zioten batzuek besteei, kalean, Foruzaingoak jakinarazi duenez. Tiroketan, hiru lagun hil ziren: 50 urteko gizonezko bat, eta haren bi semeak, 29 urtekoa bata, eta adingabea bestea, 17 urtekoa. Hiru atxilotuak alboko herri batekoak dira, Estellerrikoak; 53 urteko gizon bat eta haren bi semeak.

Arratsaldeko 19:00ak jo baino minutu gutxi lehenago, dei bat jaso zuten SOS Nafarroan. Kasedako bizilagunek deitu zieten, tiro hotsak entzun zituztela eta lurrean hiru gorpu zeudela ohartaraziz. Anbulantziak eta helikoptero medikalizatuak bidali zituzten, baina medikuek ezin izan zuten ezer egin aita-semeei bizia salbatzeko.

Tiroketan parte hartu zuten hiru pertsonak autoz ihes egiten ahalegindu ziren, baina Foruzaingoaren patruila batek bidean gurutzatu zituen, eta, tarte batez haien atzetik jarraika aritu ostean, Guardia Zibilak eta Foruzaingoak autoa geldiarazi zuten, San Martin Unx herriaren parean. Bertan atxilotu eta Tafallako polizia etxera eraman zituzten aurrena, eta Iruñekora ondoren.

Guardia Zibila eta Foruzaingoa arduratuko dira kasua ikertzeaz, elkarlanean. Izan ere, abuztuan eztabaida piztu zen Nafarroan larrialdi deien kudeaketaren inguruan, Iruñean gizon batek aitaginarreba hil ondoren; Espainiako Poliziaren sindikatuak Nafarroako Gobernuari egotzi zion estatuko indar polizialak «baztertzea».

Beste tiroketa bat

Beste tiroketa bat ere izan zen atzo, goizaldean, Berriatuko baserri batean (Bizkaia). Gizon batek beste bat zauritu zuen eskopeta tiro batez, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen ustezko erasotzailea.

Droga lapurreta bati lotuta dago tiroketa, Ertzaintzak jakinarazi duenez. 04:30 inguruan, pertsona bat marihuana landatuta dagoen lursail batean sartu zen, eta jabeak tiro egin zion. Ertzaintzak erasotzailea atxilotu zuen, bi delitu egotzita: pertsona bat hiltzen saiatzea eta osasun publikoaren aurka egitea, marihuana landatuta izateagatik. Tiroz zauritutako gizona Basurtuko ospitalera eraman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.