Koronabirusa

Ia mila kutsatzeen langan dago berriro transmisioa Hego Euskal Herrian

Iazko abuztutik izandako paziente gutxien dago orain ZIUetan. Jaurlaritzak jakinarazi du birusak jotako hamahiru pertsona hil direla

Donostia ospitaleko larrialdietako sarrera. GORKA RUBIO / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Pandemiaren goraldiak ez du etenik: 942 kasu atzeman ziren herenegun Hego Euskal Herrian, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazitakoaren arabera. Baina igoerak ez du islarik izan osasun sisteman, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldutakoaren arabera. Haren hitzetan, kutsatutako gehienek ez dute osasun zentroetara edo ospitaleetara joan behar izan. Eta datuek berretsi egin dute hori; izan ere, nolabaiteko hobekuntza antzeman dute Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan. Egun, 110 lagun daude erietxeratuta, azkenengo egunetako kopuru bertsua; hala ere, duela hilabete baino gutxiago, orain baino bi aldiz gaixo gehiago zeuden erietxeetan. Baina are adierazgarriagoa da ZIUetako egoera: 34 paziente baitaude han, iazko abuztutik izandako gutxien.

Kutsatuen gorakada azken asteko kontua da; egun gutxian gehitu da kasu kopurua, eta horrek, oraingoz behintzat, ez du eraginik izan ospitaleratzeetan. Ezta hildakoen datuetan ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du ekainaren 28tik uztailaren 4ra bitartean hamahiru lagunek galdu zutela bizia COVID-19ak jota; Nafarroako Gobernuak, aldiz, ez du hildakorik zenbatu epe horretan. Atzo bai, ordea: hildako bat jakinarazi zuen. Datu hori ez da, aurreko astekoekin alderatua, bereziki altua: azken asteetan kopuru horren bueltan egon dira hildakoak. Maiatzaren lehen astera jo behar da hildakoen kopuru nabarmen handiagoa aurkitzeko: 49 izan ziren orduan. Salbuespena aurreko astea da: ekainaren 21etik 27ra zazpi lagun baino ez ziren hil gaitzak jota.

Hala ere, datuak hor daude, eta, oraindik ere, bi hilabetean atzemandako kutsatze kopuru altuena da atzo jakinarazitakoa. Eta beste behin, Nafarroan izan dira kutsatze gehien: 333 jakinarazi zituen Osasunbideak. Kutsatu gehien zenbatu dituen herrialdea bada ere, Nafarroa da beheraldia izan duen bakarra: herenegun bostehundik gora jakinarazi baitzituen Osasunbideak. Gainontzeko lurraldeek, ostera, gorantza jarraitzen dute, eta Bizkaikoa izan da kasurik nabarmenena: 262 kutsatu zenbatu zituen herenegun Osakidetzak. Gipuzkoak hurbiletik jarraitzen du, 257 kutsaturekin, eta Arabak ere sumatu du igoera, 66rekin.

Askok kutsatuen adinari egotzi diote datuen eta osasun egoeraren kolapsoaren arteko harreman eskasa. Izan ere, kutsatzeen azken goraldi honetan, kutsatugehienak gazteak dira, txertatu gabekoak, alegia. Datuak argigarriak dira: Osasunbideak atzemandako kutsatu guztien %78k 15 eta 29 urte artean dituzte. Osakidetzan, 19 eta 39 urte artekoak positibo guztien %53 dira.

Horren harira, zuhurtzia eskatu du Sagarduik. Izan ere, Hego Euskal Herriko biztanleen %60,77k txertoaren dosi bat eta %44, 41ek pauta osoa hartu dutenez, horrek «segurtasun sentsazio faltsua» sor dezakeela ohartarazi du, baina gogorarazi du txertoaren eraginkortasuna ez dela erabatekoa: «Txertoa ez da hutsik gabeko babesa». Zuhurtasunez jokatzeko soilik ez, segurtasun neurriak betetzeko eta jende pilaketak saihesteko eskaria ere egin die herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.