Irungo Harrera Sareak Martindozenea aterperako bidea seinaleztatu du

Argibide taula bat jarri dute migratzaileentzat tren geltokiaren kanpoan. Irungo Udalak azaldu du ez dagoela horretarako «inolako beharrik»

Irungo Harrera Sarearen prentsaurrekoa, tren geltokian jarritako horma irudiaren aurrean, atzo. GORKA RUBIO/FOKU.
Irun
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Irungo tren geltokira (Gipuzkoa) iristen diren migratzaileek topo egingo dute Martindozenea aterpetxera nolaailegatu azaltzen dien horma irudi batekin. Izan ere, urtarrilaren 1az geroztik, aterpetxea egokituta dago Europako bidean Irunera heltzen direnentzat, Gurutze Gorriari esker. Irungo Harrera Sareko kideek udalari eskatu zioten aterpetxerainoko bidea seinaleztatzeko, baina salatu dute «udalak emandako ezezkoak behartu» dituela bidea eurek markatzera. Horma irudi horretan ez ezik, kalean ere zehaztu dute aterpetxerainoko bidea, oinatz batzuen bitartez.

Erakundeek orain dela lau hilabete egokitu zuten Martindozeneako aterpetxea, Irunera iristen diren migratzaileek geldialdi bat egiteko aukera izan zezaten —60 migratzailerentzako tokia dago—. Plataformako kideek azaldu dute 938 pertsona artatu, informatu eta lagundu dituztela orain arte: horietako 819 gizonezkoak izan dira, 78 emakumezkoak eta 41, aldiz, adingabeak. Azpimarratu dute Martindozenea martxan jarri zutenean helarazi ziotela Irungo Udalari aterperainoko bidea seinaleztatzearen garrantzia: «Bestela oso zaila baita lekua topatzea hiria ezagutzen ez duen edozeinentzat, eta hori gertatzen zaie gurera datozen migratzaileei».

«Alferkeria eta ikusezintasunaren kronologia» egotzi dizkiote udalari. Azaldu dute azaroaren 30eko bilkuran Irungo Udalbatza osoak aitortu zuela Irungo Harrera Sarearen lana, eta, gainera, otsailaren 22an, udalbatzak —PSE-EE eta PP alderdien abstentzioarekin— onartu egin zituela plataformaren eskariak: tartean, Martindozenea aterpetxerako bidea seinaleztatzea. Halere, Irungo Harrera Sareko kideek jakinarazi dute udalak ez duela neurririk hartu migratzaileek aterpea «errazago aurkitu ahal izateko».

Udalbatzaren baiezkoa lortu bazuten ere, bestelako erantzuna eman zien Jose Antonio Santano Irungo alkateak (PSE-EE): «Otsailaren 26an izandako bileran helarazi zigun ez dagoela bidea seinaleztatzeko inongo beharrik, eta, gainera, seinaleztatze prozesua oso luzea izanik, ez dela gauzatuko». Proposamen bat ere jaso zuten udalarengandik: «Martxoaren 22an udalaren deia jaso genuen, eta iradoki zigun geltokian kontsignaren bat-edo jar genezakeela». Haatik, harrera sarekoek azaldu dute dei hori jaso aurretik «prestatua» zutela aterpera joateko seinaleztapena, eta «aurrera egitea» erabaki zutela, «udalaren ezezko etengabea ikusirik».

Jaurlaritzaren «banaketa»

Eusko Jaurlaritzak migratzaileen banaketaren inguruko proposamen bat aurkeztu zuen atzo Espainiako Senatuan. VII. Autonomien Foroan azaldu zuen Share egitasmoa Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak. Jaurlaritzak proposatu du migratzaileak banatzea Euskal Herriko, Espainiako eta Europako lurraldeen artean. Adierazi du proiektuak zenbait irizpide hartuko dituela kontuan: lurralde bakoitzaren zerga bidezko diru sarrerak eta biztanleria eta langabezia tasa. Amilibiak eskatu die Espainiako Gobernuari eta Europako Batasunari «akordioak sustatzeko bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren jatorrizko herrialdeekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.