Bi eraso matxista izan dira Bilboko jaien hasieran

Donostiako Aste Nagusiko sexu erasoen harira, EH Bilduk «arazoaren tamainako neurriak» eskatu dizkio udalari, uste baitu ez dela taxuz ari

Bilboko Konpartsek igandean egin zuten elkarretaratzea. BILBOKO KONPARTSAK.
Jon Rejado.
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Bilboko Konpartsek bi eraso matxistaren berri eman dute; asteburuan jazo dira, txosnen eremutik at. Konpartsek esan dute biak egiaztatu dituztela, baina bakar batek jarri du salaketa. Emakumeak salatu du ukituak egin zizkiotela igandean, 06:50ean, tren geltoki batean zegoela. Bilboko Konpartsek elkarretaratzea egin zuten igande arratsean. «Ezin dugu ez jakinarena egin: nazkatuta gaude emakumeok egunerokoan aske jarduteko baldintzatzen gaituen indarkeria sexistarekin». Bilboko Udala gehitu zen deialdira; gogor kritikatu zuen salatutako erasoa, eta babesa adierazi zion andreari.

Bestetik, Donostiako Aste Nagusia amaituta, Eneko Goia alkateak balorazioa egin zuen atzo. Azaldu zuen hirian segurtasunaz arduratu diren eragileek «modu koordinatu eta egokian» lan egin dutela, eta horrek ahalbidetu duela «gertakari larririk ez gertatzea». Halaber, onartu zuen andreen aurkako erasoengatik egondako «salaketen kopuru altuak» —udalak zazpi kasuren berri eman du— «ilundu» egin dituela jaiak. Donostiako EH Bilduk, bestalde, hausnartu du jaien balorazioak ezin duela positiboa izan «inondik inora ere». Esan du bederatzi eraso sexista egon direla; gogoratu du adingabe baten bortxaketa dagoela tartean, bai eta koman dagoen gazte bat ere—gizon batek beste bat jo zuen, itxura batean haren bikotekide ohiarekin zegoelako—. Horiek horrela, «arazoaren tamainako neurriak» eskatu dizkio udalari. Salatu du berdintasun gaietan kudeaketa «negargarria» duela oro har, eta mugimendu feminista baztertuta aritu dela lanean.

Eraso gehiago

Gasteizko Udaltzaingoak bi gizonezko atxilo hartu zituen igandean, genero indarkeria leporatuta. 01:30ean, emakume batek eraso bat salatu zuen larrialdi zerbitzuetan: bikotekideak jo eta mehatxatu egin zuela esan zuen. Udaltzainek bikotekidea atxilotu zuten, 39 urteko gizon bat. 07:00etan, Udaltzaingoak beste salaketa bat jaso zuen; bizilagun batzuek egin zuten deia. Poliziak agertu zirenean, emakume bat eta haren bikotekidea eskaileretan eserita zeuden. Andreak odola zuen ahoan. Biekin hitz egin ondoren, gizonezkoa atzeman zuten. 28 urte ditu.

Usurbilen (Gipuzkoa) gertatutako eraso matxista baten berri ere eman dute. Abuztuaren 14an gertatu zen. Ertzaintzak gizon bat atxilo hartu zuen, bizilagunek abisua eman ondoren. Epaiketa azkarra egin zioten, eta libreutzi dute, baina urruntzeko agindua ezarrita. Usurbilgo Udalak elkarretaratze batera deitu du erasoa salatzeko; gaur izango da, 20:00etan, Mikel Laboa plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.