Koronabirusa

Hegoaldeko ZIUetan 209 gaixo daude, kopururik makurrena lehen olatutik

Beste 1.168 kasu positibo detektatu dituzte. Izurritearen bilakaera bereziki larria da Gipuzkoan: intzidentzia tasa 700dik gorakoa da han

Donostia ospitaleko larrialdietako sarrera, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain - Uxue Rey Gorraiz
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Koronabirusa oldartua dago oraindik ere Hego Euskal Herrian. Birusaren transmisioari buruzko datuek ez dute hobetzeko zantzurik erakusten, eta ospitaleetan gordin nabaritzen ari dira koronabirusaren eragina: inoiz baino paziente gehiago dituzte, bai ohiko geletan, bai ZIU zainketa intentsiboko unitateetan. Hego Euskal Herrian, 912 lagun daude ospitalean, eta horietako 209, ZIUetan. Zainketa intentsiboetako unitateen egoera bereziki iluna da: azken bost hilabeteetako daturik makurrena dute orain: hau da, hirugarren olatutik izan den kopururik handiena. Areago, iazko apirilaren 16raino joan behar da antzeko datu bat topatzeko: 206 paziente zeuden orduan ZIUetan. Baina orduko hartan beheranzko joeran zegoen unitate horietako okupazioa. Orain, ordea, goranzkoan da kurba.

Ospitaleetako egoera kutsatzeen kurbaren isla da, eta kurba horrek malkar segitzen du: Hegoaldeko osasun agintariek plazaratutako azken datuen arabera, ostegunean 1.168 kasu positibo detektatu zituzten. Gainera, positiboen ehunekoak gora egin du berriz ere: %8,5 da. Herrialdez herrialde, positibo gehien Gipuzkoan atzeman dira beste behin: 431. 425 positibo izan dira Bizkaian; Nafarroan, 190, eta Araban, 117.

Egunez egun zenbatutako kutsatuek ez ezik, lau lurraldeetako intzidentzia tasek ere ematen dute egoeraren larritasunaren neurria. Guztien artetik, Gipuzkoako joera da kezkagarriena: zehazki, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 701 laguni atzeman diete COVID-19a. Beste muturrean dago Nafarroa, tasa aski apalagoarekin, nahiz eta larria den hori ere: 385. Bizkaian, 455 da tasa, eta Araban, 440.

Alarma egoera, kezka iturri

Egoera honetan, izurriaren kontrolerako neurrien berme juridikoekin kezkatuta daude Hegoaldeko agintariak. Maiatzaren 9an amaituko da Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gutun bidez eskatu dio Sanchezi alarma egoera luzatzeko. Gutunean gogorarazi dio luzatzen ez badu ez dutela izango «berme juridikorik» izurria kontrolatzeko murrizketak ezartzeko. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek, gainera, adierazi du goiz dela oraindik maiatzaren 9tik aurrera hartu beharreko neurriak aurreratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.