Harivenasak 50 lanpostu sortuko ditu Arakilen, gobernuaren laguntzaz

Zereal ekoizleak lantegi bat eraikiko du Etxarrenen. Nasuvinsa sozietate publikoak lagundu du, 1,5 milioi euroko inbertsioa eginda

Aierdi (Nasuvinsa), Aierdi (Nafarroako Gobernua), Loizate eta Berasaluze (Harivanesa), atzo. NAFARROAKO GOBERNUA.
Jon Fernandez.
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Atzo izenpetu zuten hitzarmena. Nafarroako Gobernuak eta Harivenasa konpainiak itun bat sinatu zuten, eta, hari esker, enpresak 113.000 metro koadroko lursail bat eskuratu ahal izan du Etxarrenen, Arakil ibarrean, bertan lantegi bat eraikitzeko. Konpainiaren asmoa da 50 langile kontratatzea instalazio berrietako ekoizpena bermatzeko.

Harivenasak lehen sektoreko industrian jarduten du; Nafarroako Rural Kutxaren adar bat da, eta, nagusiki, olotik eta bestelako zerealetatik —espeltatik, garagarretik, garitik eta zekaletik batik bat— eratorritako produktuak ekoizten ditu: irinak, malutak eta aleak, batez ere. Produkzio katean hasieratik amaierara arte kontrolatzen du prozesua.

Konpainiak dagoeneko badauka lantegi bat Getzen, Ibargoitin, Noainen eta Iruñearen artean. Lantegi horrek 50 langileri ematen die enplegua, zuzenean eta zeharka. Arakilen martxan jarriko duten plantarekin, beraz, ehun pertsona enplegatuko ditu denera, zuzeneko eta zeharkako langileak kontuan hartuta.

Hiru erakundeetako ordezkariek sinatu zuten atzo hitzarmena: Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak, Jose Maria Aierdi Nasuvinsa sozietate publikoko zuzendariak, eta Harivanesa konpainiako ordezkari Alberto Loizatek eta Javier Berasaluzek.

Hain zuzen ere, Nasuvinsak lagundu dio Harivensa konpainiari neurrirako lursail industrial bat bilatzen, lurraldeko industria sustapena baita Nasuvinsaren egitekoetako bat. Azkenean, Arakilgo Udalarekin lankidetzan, sozietate publikoak Etxarren aurkitu du Harivensaren planta ezartzeko toki egokia.

Nasuvinsak nabarmendu du, gainera, kokapenak baduela garrantzia, lantegi berri bat irekitzeak eta enplegua sortzeak berebiziko inportantzia daukalako Sakana bezalako eskualde batean, non langabezia tasa %26raino igo baitzen 2008ko krisiaren osteko urterik gogorrenetan. Nasuvinsak joan den abenduan bereganatu zuen Arakilgo lursaila, eta 1,5 milioi euroko inbertsio bat jarri du martxan zorua erosteko eta lehen urbanizazio lanak egiteko.

Industrialde berria

Etxarrengoa Nafarroako Gobernuaren Ekonomiaren Garapenerako Departamenduak Nasuvinsa sozietate publikoarekin Sakanan egindako bigarren ekinaldia da. Lehenengoa Irurtzungo industrialdea eraberritzeko egindakoa izan zen: 2016an Iruñeko gobernuak Inasa enpresa zenaren lantegi zaharra erosi zuen, hark fabrika itxi eta gero, eta bertan eraldaketak egin zituen industrialde bat sortzeko.

Nafarroako Gobernuak zazpi milioi euro inbertitu zituen Irurtzunen industrialde berri bat sortzeko, eta orain zazpi enpresa daude bertan: 240 langile enplegatzen dituzte denera, eta 140 milioi euro fakturatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.