Guardia Zibilak «segada» ezeztatu arren, atxilotu egin dute Altsasuko gaztea

Espainiako komunikabide batzuek hauspoturikoaren aurka mintzatu da Guardia Zibila goizean. Epailearen aurretik pasatuko da gaur gaztea

Guardia zibil bat Altsasun, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako komunikabide batzuek 2016ko urriaren 15ean Altsasun (Nafarroa) jazotakoekin lotu dituzte ortzegun goizaldean besta testuinguru batean gertaturikoak, baina Guardia Zibilak berak ezeztatu egin zuen komunikabideek hauspoturiko kontakizun hori, atzo goizean. Arratsalderako, ordea, jakinarazi zuten atxilotu egin zutela guardia zibil bati eraso egiteagatik ikertzen ari diren gaztea. Iruñeko auzitegiko epailearen aurretik pasatu beharko du gaur.

Espainiako hedabide batzuek atzo zabaldu zuten taldean prestaturiko «segada» bat gertatu zela Guardia Zibilen aurka ortzegun goizaldean Altsasun. Guardia Zibilak, ordea, erran zuen «eraso arin bat» baino ez zuela jasan guardia zibil batek. Ustez edukiontzi batzuk bide erdian jartzeagatik Guardia Zibila lau gazte identifikatzera joan zenean gertatu zen.

Identifikaturiko lau gazteei salaketa jarri eta mozal legea aplikatuko diete, eta guardia zibil bati eraso egiteagatik atxilotu duten gaztea ikertzen ari dira agintearen aurka egiteagatik. Bertze iturri batzuek aipatu dutenez, bi guardia zibili egin dio ustez eraso.

Asteazkenean Santa Agedako kinto bestak izan ziren Altsasun, eta ortzegunean agertu ziren zabor edukiontziak iraulita Garcia Ximenez kalean, goizaldeko seiak aldera. Guardia Zibila eta Foruzaingoa hara hurbildu ziren, eta han identifikatu zituen Guardia Zibilak lau gazteak. Orduan gertatu zen ustezko istilua.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeaksalatu egin zuen gazteek egindakoa, eta Altsasun zein gizartean oro har «elkarbizitzan» aritzera deitu zuen. Goraipatu egin zuen Guardia Zibilak eta Foruzaingoak egindako «lan koordinatua» eta zehaztu zuen ikerketapean dagoela kasua. Jaien testuinguruarekin lotu zuen hark ere gertaera, dena den: «Besta egun bat zen Altsasun, Santa Ageda, alkoholaren kontsumoarekin nahasten dena, eta horrek gatazka egoera bati eta edukiontziak errepidean jartzeari bide eman zion». Remirezek adierazi zuen«herritarren eskubide eta askatasunak bermatzeko» lan egin zuela Guardia Zibilak, hala identifikatu zituela lau gazteak, eta «istilu txiki» bat gertatu zela, foruzainekin batera kudeatu zutena. Remirezek atzo goizean erran zuen «diskretua» izanen zela, Poliziaren esku zegoelako kasua. «Berriki gertaturikoa da, ikerketapean dago, eta goiz da oraindik adjektiboak jartzeko. Zehaztasunez eta kontuz ibili behar da».

Coviteren ustez, «gorrotoa»

Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak adierazi du «gorroto ekosistemaren adierazle» dela Altsasun gertaturikoa. Gazteek egindakoarekiko «gaitzespen argia» erakusteko eskatu die alderdi politiko guziei, eta salatu du ez dagoela «estrategiarik abertzaleen erradikalizazioa gelditzeko EAEn eta Nafarroan». Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak erran du «gorrotoaren kulturak ukigabe» jarraitzen duela Euskal Herriko kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.