Proba epea luzatu beharrean

Transformadore batean izandako arazoen ondorioz, lau hilabete atzeratu zaie GHK-ko arduradunei erraustegia martxan jartzeko egutegia. Suzko lehen proba hurrengo astean eginez gero, urtarrilean amaituko zaie epealdia.

inaki petxarroman
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Hurrengo ostegunean, hilaren 28an, egin nahi du GHK-k suzko lehen proba Zubietako erraustegian. Alabaina, probaldi ofiziala etenda dago urriaren 2az geroztik. Egun horretan eten zuen Jaurlaritzako Ingurumen Sailak apirilean hasitako probaldia, GHK-k horretarako egindako eskaera onartuta.

Erraustegiaren eta tratamendu mekaniko biologikoko plantaren (TMB) probaldia apirilaren 11n hasi zen, baina obra barruko iturrietatik BERRIAk jakin duenez, erraustegiaren transformadore nagusian leherketa bat gertatu zen ekainaren 11n, eta urrira arte ezin izan dute hura energizatu. Jaurlaritzak ukatu egin du arazoa planta barruko transformadore batean izan dela. «Kanpoko argindar azpiestazio batean gertatu da arazoa». GHKri apirilean onetsitako zazpi hilabete eta erdiko epea gaindituko balitz —dagoeneko ia sei hilabete pasatu dira probetan—beste Ingurumen Baimen Bateratu (IBB) bat egin beharko litzatekeela zalantzan jarri du Jaurlaritzak: «Ikusi egin beharko litzatekeela zein den probaldiaren epea gainditu izanaren arrazoia». Kontua hartu behar da IBB berri bat egitea tramite luze bat dela, eta hilabete batzuk beharko lituzkeela hasten denetik amaitu arte. Tarte horretan, jakina, erraustegia eta TMBa ezin izango lirateke erabili.

Azaroaren 28an hondakinak erretzeko probak egiten hasiz gero, urtarrilerako amaituko litzateke Jaurlaritzak emandako epea, baina GHK-k atzo adierazi zuen martxora arte ez dutela martxan jarriko erraustegia.

Mozioa, batzar nagusietan

Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dute EH Bilduk aurkeztutako mozio bat. Koalizio abertzaleak bi eskari egin zituen asteartean egindako osoko bilkuran, betiere erraustegiak izan dezakeen kutsadura eta hark herritarrei nola eragin diezaiekeen kontuan hartuta. Batetik, mozioak eskatzen zion diputazioari diruz laguntzeko ToxicoWatch erakundea Zubietako inguruko etxaldeetako barazki eta arrautzetan egiten ari den toxikotasun ikerketak. Nazioarteko toxikologoek aurtengo udazkenean hartu dituzte laginak errauste plantaren inguruko hainbat baserritan, eta neurketa horiek alderatuko dituzte hurrengo urteotan egingo diren beste batzuekin. Hau da, erraustegia martxan egongo den garaiko laginak eta oraingoak konparatu nahi dituzte, dioxina eta metal astunen kutsadura handitu ote den ikusteko.

Bestetik, EH Bilduren mozioaren bigarren puntuak zioen kutsadurak legeak baimendutako kopuruak gaindituz gero neurri zuzentzaileak hartu beharko liratekeela. Haiek jarrita ere kutsadurak bere horretan jarraituko balu, hondakinen tratamendua «birpentsatu» beharko litzatekeela, «herritarron osasuna guztiaren gainetik jarrita». Hala, erraustegiaren labeak itzali beharko balira, itzaltzeko eskatzen zuen mozioak. EAJko, PSE-EEko eta PPko batzarkideek mozioaren aurka bozkatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.