Errauste plantako lanak geratzeko eskea plazara aterako dute hilaren 27an

Zubietan egiten ari diren egitasmoaren aurkako talde ugari elkartu dira protestarako deia egiteko. «Oraindik garaiz gaude», argudiatu dute

Manifestaziorako deia egiteko agerraldia, atzo, Donostiako udaletxe parean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
arantxa iraola
2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
«Gipuzkoako erraustegiko lanak gelditzeko eta kontratua eten edo deuseztatu behar dela aldarrikatzeko arrazoi asko eta anitz daude», nabarmendu zuten atzo goizean Donostian Zubietako errauste plantaren aurka egiteko batu diren taldeetako ordezkariek. Lanak aurrera badoaz ere, oraindik horiek geraraz daitezkeen ustea dute, eta jakinarazi zuten horren aldeko mezua ozentzeko manifestazio bat egingo dutela hilaren 27an, Donostian. «Garaiz gaudelako, mahai gainean aukera guztiak jarri behar direlako eta inposiziorik onartzen ez dugulako, sinatutako kontratuari, ez!», argudiatu zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak uda hasieran esan zuen azpiegitura berria egiteko lanen erdiak eginda daudela, eta, haien planak betetzen badira, datorren urteko udazkenean martxan espero dutela. Plantaren aurkakoen aburuz, ordea, obretako kontratua eteteko arrazoi asko daude. Lehendik ere sarri aldarrikatu dira horiek, eta gogora ekarri behar direla pentsatzen dute. Ingurumenean izan ditzakeen ondorio txarrak, osasunerako arazoak, ekonomia zirkularra bazter uzteak ekarriko dituen eragozpenak... Guztiak aintzakotzat hartzeko modukoak direla diote. Eta errausketaren kontra egiteko albisteak oso sarri heltzen direla adierazi dute; aurten, esaterako, denera mundu zabalean 22 errauste planta itxi dituztela esan dute. Itxiera horien atzean askotariko zioak daude: osasuna, ingurumen baimenak, ekonomia...

Babes zabala

Tankera askotako elkarteak batu dira manifestaziorako deialdia sostengatzeko. Sindikatuak: ELA, LAB, EHNE, ESK... Talde ekologistak: Eguzki, Greenpeace... Deitzaileen artean daude, halaber, errausketaren aurkako mugimendua eta GuraSOS elkartea. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da, Mendeurren plazatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.