Gorenak baliogabetu egin du Kutxabanken zenbaki gorrien klausula

Espainiako goi auzitegiak ebatzi du abusua dela bezeroei 30 euroko zigorra ezartzea bankuko kontua dirurik gabe uzten duten bakoitzean

Kutxabanken bulego bat. BERRIA.
xabier martin
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Kutxabankeko bezeroek 30 euroko isuna pagatzen dute beren kontuak dirurik gabe utzi, eta ordainketei aurre egin ezinik geratzen direnean. Hipoteketan gertatzen denean, atzerapen interesen zigorrari beste klausula hori gehitzen zaio; zigor bikoitza, beraz. Baina aurrerantzean ez da horrela izango, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin baitu kontua zenbaki gorrietan uzteagatik finantza entitateak aplikatzen duen klausula. Pedro Jose Vela epaileak bere ebazpenean azaldu du abusuzko klausula dela hori, eta ez dituela betetzen Espainiako Bankuak ezartzen dituen baldintzak.

Estreinakoz ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak bezeroen kontuak dirurik gabe uzteagatik banku ugarik kobratzen duten klausula horri buruz. Ez da legezkoa, eta, beraz, bada jurisprudentzia finantza entitateek aurrerantzean bazter utz dezaten. Bezeroak ordainketa bat aurreikusitako egunean pagatu gabe uztea nahikoa da zigor bikoitza jaso dezan: atzerapen interesak batetik, eta zenbaki gorrien klausula bestetik; Kutxabanken kasuan, 30 euro dira. Horregatik guztiagatik, Gorenak abusuzko klausula dela ebatzi du, eta bat egin du Arabako auzitegiaren ildoarekin. Epaitegi hark EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkartearen alde egin zuen 2016. urtean, eta Kutxabank derrigortu zuen zenbaki gorrien klausula baztertzera.

Ez gasturik, ez zerbitzurik

Bankuko edozein konturi eragiten dio klausula horrek, baina azpimarratu behar da hipoteketan ere txertatzen dela, eta hilabete bakar bat garaiz ez pagatzea nahikoa dela hura era automatikoan aplikatzeko. Kutxabankek helegitea jarri zion 2016ko epaiari, bezeroak kontratuan onartutako betebeharrak urratzean entitatearentzat «bidezko kalte-ordaina» egoteko modua ematen zuelako, haren ustez.

Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, ez du horrela ikusi, eta gogorarazi du Espainiako Bankuak soilik kasu jakin batzuetan onartzen duela klausula hori. Edonola ere, Kutxabanki argitu dio ezin duela klausula hori modu automatikoan kobratu. Izan ere, hasteko, bankuak ez du azaltzen zer motatako kudeaketa egin behar duen bezeroaren ordainketa bat atzeratzen denean, haren kontua hutsik dagoelako, «eta ezin da ondorioztatu benetako gastu bat egongo dela», Vela epailearen arabera. «Ez da gauza bera bezeroari aurrez aurre esatea bankuko bulegoetara joan behar duela, telefono dei bat egitea, gutun bat igortzea, burofax bat bidaltzea, notario baten bidez jakinaraztea...». Finean, justiziak ez du ikusi oinarririk 30 euro kobratzeko, bankuak ez duelako erakusten gastu bat dagoenik, eta are gutxiago zerbitzu bat ematen duenik.

Asufin banku bezeroen elkarteak eskatu die finantza entitateei «arduraz jokatzeko», eta baztertzeko berehala «abusuzko klausula hori». Elkarte horrek nahiko luke bankuek ez behartzea bezeroak epaitegietan eskatzera «dagoeneko baliogabetzat jo den klausula bat kentzea». Hau da, kasuz kasu epaitegira joan beharrik gabe zenbaki gorrien klausulak kentzeko exijitu die, Gorenak ezarritako jurisprudentzia argia baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.