Oso goian dauka langa

Retabet Bilbo Basketek denboraldi-aurreari ekin dio. Talde erdia berria du Alex Mumbruk: sei jokalari joan dira, eta beste horrenbeste iritsi

Retabet Bilbo Basketeko kideak, atzo, Miribillan, denboraldi-aurreko lehen entrenamenduan. RETABET BILBO BASKET.
Julen Etxeberria.
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Jauzi erraldoia dago Espainiako Urrezko LEB ligatik ACB ligara. Talde igo berriek denbora behar izan ohi dute maila nagusira egokitzeko. Itzuleran, gozatu bezainbeste edo gehiago sufritu ohi dute. Retabet Bilbo Basketek, ordea, gozatu besterik ez zuen egin aurreko denboraldian. Sasoi bikaina egin zuen ACB ligara igo berritan. Lehenbizi, bosgarren sailkatu zen aurreneko itzulian, eta, horri esker, Espainiako Koparako sailkatu zen. Era ikusgarrian lortu zuen, gainera, Bartzelonari Palaun irabazita. Gero, ez zuen behera egin, eta urtarril amaierarako, ziurtatua zuen beste urtebetez onenekin segitzea. Koronabirusak liga eten zuenean, berriz, bosgarren postuan zegoen, 23 partidetatik hamalau irabazita. Horien artean zeuden Euroligako talde guztien aurka lortutako garaipen ederrak. Amaierarako, ahaleginaren eta etenaldiaren ondorioz , ezinean aritu zen Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatutako azken fasean. Bost axola: txapela kentzeko moduko sasoia egina zuen.

Argi dago: Bilbo Basketek oso goian jarri zuen langa, eta oso zaila izango da horra gerturatzea. Horren jakitun daude taldean, baina ilusioari eusten diote, eta ahalegina egiteko prest daude. Horri begira hasiak dira lanean. Atzo egin zuten denboraldi-aurreko lehen entrenamendua, Miribillan, aurreko sasoiko azken neurketa jokatu eta hilabete eta erdira. Irailaren 18an hasiko da ACB liga.

Alex Mumbru entrenatzailearen talde erdia berria da. Sei jokalari joan dira: Ben Lammers, Rafa Martinez, Thomas Schreiner, Ivan Cruz, Sergio Rodriguez eta Emir Sulejmanovic. Sei iritsi dira: Ludde Hakanson joko antolatzaile suediarra, Alex Reyes hegaleko espainiarra, Jaroslaw Ziskowski hegaleko poloniarra, Aaron Jones pibot estatubatuarra, Moses Kingsley pibot nigeriarra eta Felipe Dos Anjos pibot brasildarra. Sei horiei gehitu zaizkie taldean geratu diren beste seiak: Jonathan Rouselle, Jaylon Brown, Quentin Serron, Tomeu Rigo, Arnoldas Kulboka eta Ondrej Balvin.

Gaur-gaurkoz, Mumbruk dozena bat jokalari ditu bere aginduetara. Ikusteko dago klubak beste inor fitxatuko duen; entrenatzaileak eskertuko luke, Bilbo Basketek Txapeldunen Liga ere jokatuko baitu, urriaren 13tik hasita. Ligaxkako aurkariak ezagutzen ditu: AEK Atenas, Brose Bamberg, Hapoel Holon, Pinar Karsiyaka, Cholet, Fortitudo Bologna eta atarikoko beste talde bat. Zortzi horietatik lau sailkatuko dira kanporaketetarako.

Zaleekin bat egiteko irrikan

Ezusterik ezean, ikuslerik gabe jokatuko dira lehen partidak, eta ikusleen falta sumatuko dutela nabarmendu zuen atzo Mumbruk. «Ez dakigu noiz elkartukogaren berriro gure etxean, Miribillan, eta nola izango den itzulera, baina badakigu aurreko denboraldiaren amaieran zuen falta sumatu genuela. Zuekin elkartzeko desioa eta beharra dugu. Gogor borrokatuko gara COVID-19aren aurka, eta, egun hori iristen denean, guztiok gozatuko dugu saskibaloiarekiko dugun pasioaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.