Arrauna. Euskotren liga

Euskotren ligako gidoia aldatu ote den ikusteko beste aukera bat

Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Luzatu, luzatu dute aurtengo Euskotren liga, eta aurreko urteetako zortzi estropaden ordez, hamalau jardunaldikoa egiten ari dira. Emoziorik behintzat ez du ekarri, baina ez dauka zerikusirik estropada kopuruarekin. Taldeen lekuak finkatuz joan dira jardunaldiak pasatu ahala, eta horrek zirrara kendu dio sailkapenari. San Juanek irabazi ditu estropada guztiak, eta Orio bigarren izan da denetan. Hondarribiak hirugarren egin zuen lehen bi estropadetan, baina ordutik Arraun dabilkio aurretik, hirugarren lekuan.

Lau jardunaldi baino ez zaizkie falta liga amaitzeko, eta gaur ekingo diote azkeneko txanpari Ondarroan (18:00, ETB 1). Zalantza puntua sor dezakeena da ea nola eragin dien taldeei asteburu bateko etenak. Lehiatu gabe egotearen ondorioa zein izan den gaur ikusi ahal izango da. Bestelakoan, San Juan da faboritoa beste bandera bat irabazteko. Ikusi egin beharko da Oriok gertu segitzeari utzi eta aurrea hartzen dion edo ez. Arraunek, berriz, beste kolpe bat eman diezaioke Hondarribiari azken lekua uzteko lehian. Azkenekoak kanporaketa jokatuko du irailean, ez jaisteko, eta hirugarrenak bermatua izango du datorren urteko ligan ere lehiaketa berean segitzea.

Itsasoko estropada da, haizea dago emanda, eta ez da lagun ona izaten arraunerako.

ETE liga, Hondarribian

Estropada erakargarria daukate gaur ETE ligako taldeek, Hondarribiako eremua polita delako arraun egiteko. Goizean jokatuko dute azken-seigarren jardunaldia (11:30) ligako bederatzi taldeek. Lehen txanda bitan banatuko dute: alde batetik, Colindres eta Lapurdi joango dira, eta, bestetik, Lea-Artibai, Hernani eta Kaiku. Azken txandako laukotea osatuko dute Tolosaldeak, Hibaikak, Deustuk eta Donostiarrak.

Ligaren bigarren erdiari ekingo diote gaur, estropada puntuagarriei dagokionez, eta lehen sei jardunaldietan, Donostiarra liderrak irabazi ditu lau bandera. Hibaikak eta Tolosaldeak bana dauzkate. Deusturekin, laurak dira gaur ere faboritoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.