Zegoena eta zeudenak oinarri

Athleticek fitxaketa batekin eta harrobitik igotako sei jokalarirekin ekin dio denboraldi-aurreari

Athleticeko jokalariak lasterka, atzo, denboraldiko lehen entrenamendu saioan, Lezamako kirol instalazioetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Amaitu dira oporrak Athleticeko jokalarientzat. Atzotik, Gaizka Garitanoren aginduetara dira. Espainiako Lehen Mailan jokatzen duten euskal taldeen artean goiztiarrena izan da zuri-gorria, eta helburu garbi batekin ekin dio: Bartzelonaren aurkako lehen lehiara sasoi betean ailegatzea, eta aurreko denboraldian baino hobeto hastea liga. Aurreko denboraldia gaizki hasi zen, eta egindako bigarren itzuli ona ez zen nahikoa izan Europarako sailkatzeko. Hala, Athleticek ligan eta Espainiako Kopan jarriko du arreta osoa sasoi honetan. Horri begira, eta fitxaketak egiteko dituen mugak kontuan hartuta, taldea osatzeko orduan jarraitutasunaren alde egin du apustu beste behin. «Ilusio handia dugu, eta lan egiten hasteko gogoa, hori baita niri eta jokalariei gustatzen zaiguna», adierazi zuen atzo Gaizka Garitano entrenatzaileak.

Estreinakoz izango du taldea sasoi hasieratik gidatzeko ardura. Abenduan hartu zuen lema. Ligako hamalau jardunaldiren ondoren, Athletic jaitsiera postuetan zegoen, eta inoizko emaitza bolada txarrenean murgilduta. Hamahiru partida zeramatzan irabazi gabe, eta 11 puntu baino ez zituen sailkapenean. Eduardo Berizzo ezinean ari zen aulkitik. Lehen egunetik, Derioko entrenatzaileak eraginkortasunez gidatu zuen taldea. Konfiantza eta sendotasuna eman zizkion atzean, eta zentzua zelai erditik aurrera. Zuri-gorriek aitzakiarik gabeko bigarren itzulia egin zuten. 52 punturekin amaitu zuten liga, zazpigarren postuan, eta azken jardunaldira arte eskura izan zuten Europa ligara sailkatzeko aukera. Denboraldi-aurretik taldearen ardura izateak gauza gehiago lantzeko eta probatzeko aukera ematen die entrenatzaileei. Baina jokatzeko eran ez da aldaketa askorik espero.

28 jokalarik hartu zuten parte atzo arratsaldeko lan saioan. Baina denera 33k egingo dute denboraldi-aurrea Garitanoren aginduetara. Iñigo Martinezek, Unai Simonek eta Unai Nuñezek opor egun batzuk gehiago izango dituzte, Espainiako selekzioarekin jokatu eta gero; Oihan Sancetek 19 urtez azpiko Eurokopa jokatuko du datozen egunetan Espainiarekin, eta Gorka Guruzeta min hartuta dago, beraz, aparteko lana egin zuen atzo.

33 jokalari horietatik %80 Lezaman hazitakoak dira. Fitxaketa bakarra egin du Athleticek oraingoz: Jokin Ezkieta. Atezainak 23urte ditu, Bartzelonaren bigarren taldean jokatu du orain arte, eta 2023. urtera arte fitxatu du talde zuri-gorriarekin. Ezusterik ezean, hirugarren atezaina izango da. Horrekin batera, Athletic B-ko sei jokalarik egingo dute denboraldi-aurrea lehen taldearekin: Hodei Oleagak, Iñigo Vicentek, Dani Vivianek, Gaizka Larrazabalek, Asier Villalibrek eta Oihan Sancetek. Aurreko denboraldian utzita egon eta gero, atzo Lezaman izan ziren Cristian Ganea, Andoni Lopez eta Mikel Vesga. Ikusteke dago taldean lekua egiten duten.

Ez ziren izan Lezaman udan Ahtletic utzi duten jokalariak. Alex Remiro Realean ariko da, eta Mikel Rico, Ander Iturraspe, Markel Susaeta eta Xabi Etxeita talderik gabe daude oraindik.

33 jokalari,«gehiegi»

Garitanok balorazio hau egin zuen taldeaz:«Dudan taldea onena da niretzat. Aurreko sasoitik ondo ezagutzen dugu elkar, eta horrek lagundu egingo digu». Dena den, nabarmendu zuen 33 jokalari «gehiegi» direla, eta batzuek taldea utzi beharko dutela.

Lehen egunetan Lezaman lan egin eta gero, hilaren 20an jokatuko dute zuri-gorriek adiskidantzazko lehen neurketa, Getxoko Arenasen aurka. Hurrengo egunean, 21ean, denboraldi-aurrean ohikoa den egonaldia egitera joango dira Alemaniako Marienfeld herrira. Astebete egingo dute han, eta beste bi lagunarteko jokatuko dituzte: 27an, Sc Paderbornen kontra, eta 28an, Borussia Moenchengladbachen aurka.

Gero, beste hiru neurketa ditu aurreikusita. Lehena, abuztuaren 1ean, Sorian, Numantziaren aurka; bigarrena, 3an, Londresen, West Hamen kontra; eta hirugarrena, 4an, Santanderren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.