Txapelketa estua espero dute

Abuztuaren 11tik irailaren 10era jokatuko da erremonteko banakoa. Lau pilotari lehiatuko dira

Erremonteko Buruz Buruko Txapelketaren aurkezpena atzo egin zen. Hernaniko Galarreta pilotalekuan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Erremonteko txapelketa nagusia, buruz burukoa, hemen da. Bihar eta larunbatean jokatuko dira atariko ligaxkako azken bi partidak, eta orduan osatuko da erabat koadroa. Endika Barrenetxea Barrenetxea IV.a, Javi Urriza, eta Imanol Ansa Ansa II.a txapelketan ariko dira. Parte hartuko duen beste erremontista Aritz Juanenearen, Josetxo Ezkurra Ezkurra II.a-ren eta Xabier Azpirozen artean erabakiko da. Txapelketa bere horretan abuztuaren 11n hasiko da, eta finala irailaren 10ean jokatuko da. Lehia «estua» espero dute parte hartzaileek.

Atzo eman zituzten txapelketaren inguruko xehetasunak, Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). Lehenbizi, lau erremontistek ligaxka jokatuko dute. Abuztuaren 11n, 13an, 19an, 20an eta 25ean izango dira norgehiagokak. Lehen tokian amaitzen duen erremontista zuzenean sailkatuko da finalerako. Bigarrenak eta hirugarrenak finalerdietako partida jokatu beharko dute irailaren 3an. Bi erremontisten arteko berdinketa egonez gero, bihorien arteko partida irabazi duen pilotariak lortuko du sailkatzea. Hirugarren eta laugarren erremontistek berdintzen badute, ordea, tanteo globala hartuko da kontuan. Finalerdietako ligaxkako garaileak finala jokatuko du. Aurten, txapelketan erabiliko diren pilota guztiak berriak izango dira, eta era berdinean egindakoak.

Barrenetxea IV.a da egungo txapelduna. Iaz jantzi zuen bigarrenez txapela, Urrizaren aurka 30-24 gailendu ostean. Txapelketa estua aurreikusteko bi arrazoi nagusi eman ditu: «Une honetan jokatzen ari diren atariko ligaxkan maila asko hobetu da. Horrek esan nahi du txapelketan sartzen den pilotariak maila ona izango duela. Bestalde, sailkatuta gaudenen artean ere gauzak paretsuago daude. Urriza arazoekin ibili da sorbaldan, eta uztail hasieran geldirik egon zen. Bestalde, Ansa final askotara iritsi da aurten, esperientzia handia lortu du, eta ez zaio asko falta txapel bat irabazteko. Ni ere oso ondo ailegatuko naiz».

Txapelduna izatearen presioa ez du antzematen, baina badu beste gauza bat buruan. «Lehen txapela irabazi ostean, ez nuen batere txapelketa ona egin. Ez nuen ondo kudeatu, eta neure buruari behin eta berriz esaten ari naiz: txapeldun naiz txapelketa hasi arte. Hortik aurrera, ni gorriz aterako naiz, baina denak hutsetik hasiko gara. Lehen partida irabaztea funtsezkoa izango da. Lau punturekin hasteak patxada handia ematen dizu, buruz burukoa zure mamu guztiak agerian uzten dituen txapelketa baita. Denak gaude ohi baino urduriago».

«Detaile txikiek» erabakiko dute txapelketa, Barrenetxearen ustez. «Azken tantoetan defentsako lan on bat egitea funtsezkoa izango da txapelketa honetan. Hor, Urriza maisua da, eta gainontzekoek ondo landu beharko dugu hori, erabakigarria izango baita».

«Gozatzea» helburu

Ansa II.ak «ondo» ikusten du bere burua txapelketari begira. «Azken txapelketetan disfrutatu egin dut, eta horri esker oso emaitza onak lortu ditut. Buruz buru ko honetan ere hori egin nahi dut, eta gero gerokoak. Txapelketan tentsio handia dago. eta ez dut neure burua estutu nahi. Hori da bidea». Txapelketarik «bereziena eta konplexuena» dela onartu du. «Frontoia handi egiten da, eta zu hor bakarrik zaude. Arlo psikologikoak garrantzi handia du».

Barrenetxea IV.a ikusten du irabazteko faborito. «Agian piloteoan ez ditu Urrizak markatzen dituen aldeak ezartzen. Baina txinparta berezia du, eta sakean min handia egiten du». Dena den, aurkari guztiak «arriskutsuak» direla nabarmendu du. «Lehen Urriza eta Barrenetxea koska bat gorago zeuden, baina atzetik datorren belaunaldi gaztekoak indartsu gaude». Atariko ligaxkari ere egin dio azpimarra. «Juanenea oso indartsu ikusi dut. Azpirozen aurka oso nagusi izan zen. Egonkortua ikusten dut, eta ligaxkarako sailkatuz gero aurkari zaila izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.