Orain, berriz, ligako lehia

Realak eta Athleticek ligako partida jokatuko dute gaur. Bi taldeek aldaketak egingo dituzte

Villalibre eta Le Normand lehian, ligako lehen itzulian San Mamesen Athleticek eta Realak jokatu zuten partidan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Reala eta Athletic elkarren aurka ariko dira gaur. Espainiako Kopako finalaren oihartzuna ez da isildu oraindik, eta bi taldeek derbia jokatuko dute. Garaikurrik ez dago jokoan, baina esangura handiko neurketa da, halere: puntuak bildu nahi dituzte, sasoi amaierarako dituzten helburuak finkatzen saiatzeko.

Cartujan jazotakoa da Anoetakoaren aurrekari. Horri segida ematea da Realaren xedea; Athleticek, berriz, Sevillako porrotaren soka eten nahi du. Kolpea leuntzeko modurik onena irabaztea luke.

Bi taldeak bete-betean aritu dira norgehiagoka prestatzen. Txuri-urdinen kasuan, bi jokalari gutxiagorekin aritu dira Zubietan. Asier Illarramendiren hutsuneari David Silvarena gehitu zaio: futbolari kanariarrak min hartu zuen aduktorean, eta hilabete inguru egingo du jokatu gabe. Jon Guridi ere kili-kolo dago aste hasieratik.

Jokalari garrantzitsuak izanagatik, Imanol Alguacil teknikariak argi du zein den bere taldearen xedea: «Denboraldiaren parte erabakigarria hasiko da orain, eta partida bakoitzean irabazten saiatu behar dugu. Europa ligarako sailkatzea da helburua», adierazi zuen oriotarrak prentsa agerraldian. Bide horretan, «finala erabat ahaztuta» dutela esan zuen prestatzaileak.

«Egun gogorrak izaten ari dira. Ez dugu luzaroan ahaztuko», esan du, berriz, Marcelino Garcia Toralek. Athleticeko prestatzaileak luzaz aletu zuen finala atzoko agerraldian, baina garaipenaren bidera itzuli nahi dute zuri-gorriek, ahalik eta lasterren: «Jakin behar dugu zer egin genuen oker. Hori ezinbestekoa da osatzeko, eta multzoa batuta dago. Larunbatekoa istripua izan zela erakutsi behar dugu gaur, eta partida pizgarria da horretarako».

Aurrekariak, etxekoen poz

Ligan elkarren aurka aritu diren azken aldietan Reala nagusitu da aldirik gehienetan. Sasoi honetan ere txuri-urdinak izan ziren nagusi (0-1), urte zahar egunez jokatutako derbian. Partida hura galtzeak kolokan utzi zuen Gaizka Garitanoren kargua; Aitor Elizegiren zuzendaritzak astebete geroago kaleratu zuen Deriokoa.

Ordutik hiru hilabete igaro dira, baina egoera oso bestelakoa da. Athleticek susperraldi bat izan zuen Marcelino heldu orduko. Orain, ordea, sasoiko kolpe handiena jaso berritan dira zuri-gorriak. Dena den, joan zen larunbatekoak ez du gaurko partida baldintzatuko, Imanolek azaldu zuenez: «Ligako neurketa da, eta guztiak ezberdinak izaten dira. Seguruenik, jokalari ezberdinak izango dira zelaian, eta horrek ere ezberdin egingo du biharkoa». Realeko prestatzaileak norgehigoka «parekatua» espero du.

Antzeko iritzia du Marcelinok ere. Entrenatzaile espainiarrak, Imanolek bezala, «eraginkortasuna» aipatu du gaurkorako gako gisa: «Ez diogu arerioari begiratu behar, gure lana egin behar dugu».

Finalak eragindako aldartearekin ekingo diote bi taldeek. Beste kontua amaitzean zer sentipen izango dituzten. Hiru puntuak ez ezik, etorkizun hurbila dute jokoan.

REALA-ATHLETIC
Reala. Remiro; Zaldua, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Gebara, Merino, Zubimendi; Portu, Oiartzabal, eta Carlos Fernandez.
Athletic. Simon; Capa, Y. Alvarez, Martinez, Yuri; Berenguer, Unai Lopez, Vesga; Muniain, Williams, eta Villalibre.
Epailea. Sanchez Martinez.
Lekua. Anoeta.
Ordua. 21:00 (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.