Laburra, baina erakargarria

Lau bikotek hartuko dute parte Bilboko Aste Nagusiko torneoan, abuztuaren 24tik 27ra

Bilboko Aste Nagusiko torneoa jokatuko duten pilotariak eta Mercedes Egozkue Caixabankeko ordezkaria, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Goren mailako esku huskakoak ez du atsedena hartzeko betarik. Uda bete-betean dela, pilota jaialdiek ez dute etenik. Koronabirusagatik azken bi urteetan geldialdia egin ostean, atzo aurkeztu zuten Bilboko Aste Nagusiko torneoa, Bizkaiko hiriburuan. Aspe eta Baiko enpresek izartzat jotzen dituzten lau bikote ariko dira nor baino nor gehiago, txapela irabazteko lehian.

2019an, azkenengoz jokatu zen txapelketan, Unai Lasok —Mikel Urrutikoetxearen ordez aritu zen— eta Jon Ander Albisuk jantzi zuten irabazleen txapela, Jokin Altuna-Beñat Rezustari 22-13 nagusituta. Aurten, buruz buruko txapeldunak Jon Mariezkurrena izango du zaindari atzeko koadroetan. Baikoko beste bikotea Urrutikoetxea II.ak eta Jon Ander Albisuk osatuko dute. Zaratamokoa jokatzeko «ilusioz» dago. «Bizkaitar batentzat beti da berezia Bilboko torneoa jokatzea. Albisuk eta biok ea lan txukuna egiten dugun».

Asperi dagokionez, berriz, Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta batera ariko dira, laugarrenez Bilboko Aste Nagusiko torneoan. Hain justu, lehiaketako hirugarren txapela irabazten saiatuko dira Elezkano-Zabaleta; 2016an eta 2018an nagusitu ziren, Aimar Olaizola II.a-Alvaro Untoriaren (22-17) eta Olaizola II.a-Mikel Larunberen aurka (22-9), hurrenez hurren. «Ondo sentitzen gara, eta ea lan txukuna egiten dugun», esan du Elezkano II.ak.

Eibarko enpresaren bigarren bikotea Jokin Altuna-Julen Martija izango da, Binakako Txapelketako azken irabazlea. Lesioa atzean utzita «gustura» dabil Amezketakoa. «Gozatzen ari naiz, eta ez dut oinazerik sentitzen. Gainera, azken partidetan emaitza on asko lortu ditut, eta horiek asko laguntzen didate».

Finalerdietako lehen partida abuztuaren 24an jokatuko dute Laso-Mariezkurrena II.ak eta Urrutikoetxea II.a-Albisuk, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (18:30). Hurrengo egunean, Elezkano II.a-Zabaletak eta Altuna III.a-Martijak neurtuko dituzte indarrak. Amezketako aurrelariaren arabera, bikote «gogorra» izango dute aurrean. Bi finalerdietako irabazleek jokatuko dute finala, abuztuaren 27an (18:30), Bizkaia frontoian bertan.

Bestalde, Caixabank Masterseko Txapelketan, hirugarren jardunaldia izango dute sei bikoteek, gaurtik igandera bitarte. Joseba Ezkurdia-Mariezkurrena II.ak eta Jokin Altuna-Ander Imazek Getarian (Gipuzkoa) neurtuko dituzte indarrak, gaur (22:00, ETB1). Jardunaldiko bigarren partidan, berriz, Laso-Martija eta Iker Irribarria-Albisu elkarren aurka lehiatuko dira bihar (22:00, ETB 1), Lekunberrin (Nafarroa). Azkenik, hirugarren norgehiagokan, Urrutikoetxea II.a-Beñat Rezustak Erik Jaka-Zabaletaren aurka jokatuko dute etzi (17:00, ETB1), Etxarri-Aranatzen (Nafarroa).

Bi bikote, lehen postuan

Sailkapen nagusian, Irribarria-Albisu eta Altuna III.a-Imaz daude lehen postuan berdinduta, bina garaipenekin. Ezkurdia-Mariezkurrena II.ak eta Jaka-Zabaletak bana irabazi dute; Urrutikoetxea II.a-Rezustak eta Laso-Martijak bi lehia galdu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.