Hamar urte hesidunak

Caster Semenyak helegitea jarri zion IAAFek emakumeei ezarritako testosterona mugari, eta hori aztertzen ari da TAS. Bihar bukatuko da bista, eta martxorako espero da ebazpena.
Caster Semenya eta Greogry Nott abokatua, TASeko epaitegian sartzen.
Caster Semenya eta Greogry Nott abokatua, TASeko epaitegian sartzen. LAURENT GILLIERON / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko otsailak 21
Mokgadi Caster Semenya naiz, emakumea naiz, eta bizkorra naiz korrika. Ez da bidezkoa nor naizen auzitan jartzea. Ez da bidezkoa aldatu egin behar dudala esatea. Modu naturalean korrika egitea baino ez dut nahi, jaio nintzen moduan». Caster Semenyak horrela babestu zuen bere burua duela hiru hilabete Kirola Arbitratzeko Epaitegira (TAS) joko zuela jakinarazi zuenean. Babestu zuela baino, babestu behar izan zuela esatea zehatzagoa da, Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) ezarritako testosterona langarekin hormonak hartu beharko baititu lehiatu ahal izateko. Atletaren ustez, arau hori «baztertzailea» da, eta TASen babesa eskatu du. Bi aldeek aste honetan aurkeztu dituzte euren argudioak, eta bihar bukatuko da bista. Martxorako espero da ebazpena, Dohako Munduko Atletismo Txapelketak baino sei hilabete lehenago.

Semenya Lausanan (Suitza) egon zen astelehenean, TASen epaitegian. Ez zuen adierazpenik egin hedabideentzat, baina hatzekin garaipenaren ikurra egin zuen argazkilarien aurrean. Greogry Nott abokatuarekin joan zen, eta, haren arabera, atleta itxaropentsu dago, 2009an, aurreneko aldiz 800 metroko munduko txapeldun izan zenean hasitako susmo eta azterketa medikoen bidearen azken atala izan daitekeelako. IAAFek, berriz, ezinbestekoa ikusten du gehiengo testosterona maila jartzea, atleta «hiperandrogenikoen» jarduna mugatzeko —hala izendatu ditu federazioak—. Neurriaren defendatzaile sutsuenetakoa da Sebastian Coe presidentea: «IAAFen oinarrizko balioa da atletismoa neska gazte eta emakumeen artean zabaltzea, eta hori ari gara defendatzen. Ezarri nahi ditugun arauak lehia legezko eta irekia babesteko dira».

Auzibide hau 2015ean hasi zen, eta lehen pausoa ez zuen Semenyak eman, Dutee Chand Indiako atletak baizik. 2011an, IAAFek testosterona langa bat jarri zien emakumeei: 10 nanomol odol litro bakoitzeko, eta Chandek helegitea jarri zuen TASen. TASek bi urte eman zizkion IAAFi hiperandrogenia duten atletek probetan duten abantailaren inguruko ikerketa zientifikoa egiteko. IAAFek 2017an argitaratu zuen ikerketa British Journal of Medicine aldizkarian, bere teoria defendatuz. Azterketaren arabera, 0,9 nanomoletik 7,3ra pasatzeak %4 handitzen du gihar masa, eta %12 eta %26 arteko indar handitze bat dakar. Hemoglobinaren zirkulazioa ere hobetzen du, eta iraupen luzeko ahaleginei eragin. Proba bakoitzean duen eragina ere kalkulatu zuen:%4,53ko hobekuntza mailu jaurtiketan, %2,94 pertika jauzian, %1,78koa 800 metrokoan... Azterketan oinarrituta, 2017an, IAAFek odol litroko bost nanomolera murriztu zuen langa 400 metro eta milia bat (1.609 metro) arteko probetan parte hartzeko. Emakumeen %99k hiru nanomoletik beherako testosterona maila dute. 0,12 eta 1,79 artekoa da ohikoena; gizonen artean, berriz, 7,7 eta 29,4 artekoa. IAAFen arabera, hortik gora dauden emakumeek estrogenoak hartu behar dituzte euren testosterona parametro horietara egokitzeko.

Semenyak, baina, Chanden bidea hartu du, TASera joz. Argudioak sendoak dira: horrela jaio zen. «Inork ez du abantaila moduan hartzen Usain Bolten zangoen luzera, Michael Phelpsen besoen zabalera edo Miguel Indurainen biriken berezko ahalmena. Gizon kirolarientzat ez da horrelako mugarik ezartzen», argudiatu dute haren abokatuek TASen. Stephane Bermon medikua izan zen IAAFen ikerketako burua, eta, haren ustez, testosterona maila bada faktore diferentzial bat. «Gizon eta emakume kategoriak banatu egin ditugu historikoki. Hala izan ezean, emakumeek ez lukete irabaziko dominarik. Testosterona da ezberdintasunak azaltzeko faktorerik garrantzitsuena».

Binariotasunaren muga

Semenyaren kasuaren konplexutasuna probak gizon eta emakume artean banatzean datza. Bi maila daude, eta horietako batean sartu beharra dago. 2009an, IAAFek genero azterketa bat egin zion Semenyari, eta emaitzak prentsan agertu ziren. Atletak uteroa du, baina baita gizonezko barne genitalak ere, testosterona maila altu horien iturri direnak. Intersexuala da, bi sexuen ezaugarri fisikoak dituelako. Azterketak iraun bitartean, 11 hilabetean, lehiatu gabe egon zen, eta IAAFek ondorioa jakinarazi egin zuen: Semenya emakumezkoekin lehiatu daiteke. Atletak zientoka aldiz esan du emakumea dela, emakume sentitzen dela, eta bere abokatuek Lausanan esan dute hori ezin dela zalantzan jarri.

TASen ebazpenak, beraz, aurrekari bat ezar dezake, eta betiko argitu kirolari intersexualen estatusa —Nazioarteko Olinpiar Batzordeak antzeko mugak jartzen ditu—. IAAFeko abokatu Jonathan Taylorrek, baina, Semenyaren aldeko ebazpen batek izan ditzakeen ondorioak azaldu ditu. «TASek ebazten badu emakume aitortza legala nahikoa dela emakumeen mailan lehiatzeko, eta IAAFi ez badiote ahalbidetzen testosterona mailak jaisteko arauak ezartzea, atleta transgeneroak eta sexu bilakaeran diferentziak dituztenak nagusituko dira kiroleko podiumetan, haientzat izango dira diru sariak, eta ohiko testosterona maila duten emakumeek ez dute irabazteko aukerarik izango».

IAAFen ustez, testosterona langa da beldur hori eragozteko bidea. 2011n aplikatu zuen aurrenekoz, Semenyaren neurrira diseinaturiko arau batekin, eta odol litroko hamar nanomoleko muga ezarrita. Atletak estrogeno partxeak erabili behar izan zituen, eta lehen urteetan 800 metroko munduko (2011) eta olinpiar (2012) txapeldun izan zen. Bietan Maria Savinova errusiarraren atzetik bukatu zuen, baina, Savinova dopin sustantziak hartzeagatik zigortu zutenez, Semenya ageri da txapeldun palmaresetan. Haren markak, baina, okertuz joan ziren, tratamenduaren luzaroko eraginaz gain lesioak izan zituelako. 2013an ez zen lehiatu Munduko Txapelketan, eta 2014an 2.02,66 izan zen haren marka onena 800 metrokoan. Urte horietan, bere marka gehienak bi minututik oso gorakoak izan ziren. 2018an, berriz, 1.54,25ean egin du.

Chanden helegitearen ondoren, baina, testosterona langa bertan behera gelditu zen, eta Semenyak gora egin zuen. 2016an 1.55.68ko marka egin zuen, eta olinpiar txapeldun izan zen. 2017an munduko titulua irabazi zuen, 1.55,16rekin. Tratamenduak ondorio garbiak ditu Semenyaren errendimenduan.

NBE, Semenyaren alde

Auzia instantzia politikoetara iritsi da. Hegoafrikako Gobernuak auzibidean lagundu dio atletari, eta Nazio Batuen Erakundeak ere (NBE) babesa eskaini dio. 2018ko irailean hamar orrialdeko eskutitza bidali zion Coeri, neurria «baztertzailea, irrazionala eta bidegabea» zela esanez. NBEn aburuz, arau horrek lehiatzeko inhabilitazioaz haratago doazen arriskuak ditu: «Araudiak emakume horien inguruko estereotipo eta estigma negatiboak indartzen ditu, emakume ez direla ulertaraziz, eta bere osasunarentzat kaltegarria den tratamendu batekin konponduak izan behar dutela. Kulturalki eraikitako feminitate nozioetan egokitzen ez diren emakumeek bazterketa, bortizkeria eta kriminalizazio arriskua dute». NBEz gain, besteak beste, Human Rights Watch, Billie Jean King tenislari ohia eta Layshia Clarendon WNBAko izarra ere agertu dira arauaren aurka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria