Espainiako Vuelta

Ondo ikasi du bidea Wellensek

Bigarren etapa irabazi du Espainiako Vueltan, lehena irabazi zuen bezalaxe: ihesaldian gailenduta

Ondo ikasi du bidea Wellensek.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Atzo ere abilena izan zen Tim Wellens flandriarra(Lotto), Espainiako Vueltako hamalaugarren etapan, bosgarrengoan bezalaxe. Eguneko ihesaldi onean sartzeko gaitasuna eta bista ona izan zituen atzo ere, eta gero, bizkorrena izan zen. Ourenseko (Galizia) helmuga zeharkatzen aurrena izan zen, bederatzi etapa lehenago Sabiñanigon (Espainia) bezala.

Luzea zen atzoko jarduna: 204 kilometro zituzten egin beharrekoak Ourensera Lugotik iristeko. Tartean, gainera, hirugarren mailako hiru mendate. Azkenekoa, Abelaira, helmugatik 22 kilometrora. Bizi joan zen lasterketa egun osoan, hasi orduko bizituta abiadura. Ihesaldi onaren bila horretarako gaia zutenak. Halakoetan ohi den bezala, batzuek gorriz nabarmenduta izango zuten atzoko etapa; molde horretako ibilbide gorabeheratsuetan ehizean ibiltzen direnak, gehienak.

Remi Cavagna (Deceuninck) eta Gorka Izagirre (Astana) izan ziren aurreneko ehiztariak. Izen handiko txirrindulari multzoa batu zen lasterketa buruan 29. kilometroan, beste horrenbeste kidez osatua: Guillaume Martin (Cofidis), Wellens bera (Lotto), Marc Soler (Movistar), Felix Grossschartner (Bora), Wout Poels (Bahrain) eta abar. Baina, zortzi kilometro igarota, pelotoia bat eginda zihoan. Ez luzerako, ordea. Izan, ere 43. kilometroan hasi zen sortzen eguneko ihesaldia. Hasieran, bost batu ziren aurrean: zerbaiten usainean zebilen Wellens berriz ere, Soler, Dylan Van Baarle (Ineos), Michael Woods (EFP) eta Zdenek Stybar (Deceuninck), hiru bider munduko txapeldun izandakoa ziklo krosean. Geroxeago, Thymen Arensman (Sunweb) eta Pierre Luc Perichon (Cofidis) batu zitzaizkien. Aurtengo Vueltan, horietako hiruk garaipena lortua zuten: Wellensez gain,Woods eta Soler ziren beste biak.

Ondo konpondu zen zazpikoa, eta biziago ibili ziren pelotoian lanean jarri ziren Bora eta Astana taldeak baino. Tarte handiena 98. kilometroan lortu zuten: 5.28 minutu. Baina aldea bi minututik azpira jaitsi zitzaien 30 kilometroko tartean, Team Energy bereak eta bi jotzen hasi zenean pelotoiaren buruan. Horrela ekin zioten azken gainerako igoerari, eta Abelairako bidean zazpikotearen artean izandako erasoek bidea zabaldu zieten helmugara iristeko, amore eman zuelako atzean Team Energyk.

Jaitsieran, Stybarrek jo zuen aurrera, eta Wellens eta Soler eraman zituen. Hutsa zen aldea Woods, Van Baarle eta Arensmanekiko, eta seiak bat eginda sartu ziren Ourensen. Bihurria zen helmuga, aldapan eta errebuelta batean. Solerrek eraso moduko bat jo zuen, eta, hari helduz, aurrera jo zuen Wellensek. Metro batzuk hartu zituen, Woods itsatsi zitzaion, baina ez zuen gainditu flandriarra eta Paul Wellens txirrindulari ohiaren iloba —Euskal Herriko Itzuliko etapa bat irabazi zuen 1977an, eta bigarren izan zen sailkapen nagusian—.

Atzetik, Perichot harrapatzeko zorian, pelotoia sartu zen, 3.44ra. Ez zen alderik egon faboritoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.