Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV). Maroko.

Marokon gora Marokon behera

Eguzkien, ilargien, mendikateen, itsasertzen, te berdeen, irribarreen eta tximeleten lurraldea.

UNAI ORMAETXEA ZENIKAZELAIA.
Unai Ormaetxea Zenikazelaia
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Zenbat izurde, zenbat hasperen, zenbat... Itsasoz bestaldera jada, zeharkatu ditugu muga bako urak, bestelako mugetan lur hartzeko. Eta noski, itsasartearen atzetik, lautada dator: koloreen lautada, usainen lautada... sei zentzumenen lautada, barne tximeletena barne. Barrenak lasaitu, furgoneta abiarazi eta jarraian martxan. Atseden hartzeko leku aproposa da Chefchaouen: lehen tea, lehen pasteltxoa, lehen otoitz kanpaiak... mundu zati baten lehen gonbidapena. Kaleak, ertzak ertz, olerkiak dira. Pausoz pauso, usaiak eta bisaiak bere-bereak dira. Osterantzean ere, eremu menditsua eta ederra da berau; ederra eta apetatsua. Bereberea, hitz jokoari jarraikiz.

Egun, bertako kaleetan ez dira antzinako esaldi ikasi haiek entzuten: «Txirri, Mirri eta Txiribiton» «Gora...»... Izan ere, pasa ziren garai haiek, eta orain, Pirritx eta Porrotxen garaian, bestelakoak dira kontuak; bestelakoak gudak, bidenabar esanda. Chaouengo kanpina oinarri kanpaleku hartuta, zoragarria da, inguruak larre ederrez jantzita dituen, herrixka honen kaleetatik paseatzea. Margolan bat da izkina bakoitza. Koloretsua eta bitxia bere osotasunean, lehengo zein oraingo orbainekin. Salam Alekum!

Azken datilak dastatu, eta aurrera, bidaia hasi baino ez baita egin; argia piztu baino ez.

Ez zaizue gertatzen, hain leku ezberdinetan bada ere, nonahi antzekotasunak aurkitzea? Edo bilatzea esan beharko nuke, akaso, baina kuriosoa egiten zait hori, baita bidaia hasi orduko ere. Ohikoa da ere, abenturazaleon bidaietan, deskonektatzeaz bat konektatzea, edota alderantziz. Bere bezean, bizilegea dela suposatzen dut pertzepzio oro.

Desertura bidean

Ketama inguruetatik ziztu bizian pasatu ondoren, badaezpada, eskumara hartu eta barnealderantz goaz zuzen-zuzen, deserturako autobian. Ezerezera bidean goazela dirudi. Oasiek ematen digute arreta noizbehinka. Oasi ederrak, kilometroko suge berdeak. Lur koloreko lurrak ureztatzen dituzten palmondo berdeak. Eta hara! beretzako egina dirudien zeru baten azpian, Kasbah parez-pare. Herri harresi bereber hauek, babesleku ziren era guztietako erasoen aurka; pertsonen zein ekaitzen erasoak. Baita animaliak babesteko gune ere. Naturaren neurrira eginiko herria, nolanahi ere. Furgonetan, aldi berean, izen bereko euskal musika talde dotoreak gozatzen dizkigu belarriak. Behin herria kantu eginda, aurrera jotzen dugu magiaren zergatien bila.

Midelt zeharkatzen gaudela, antzerako galderak datozkit: zein ote da hemen zain dagoenaren egitea? Zertan da basamorturako txoko galdutan, ezertan ez denaren asmoa? Nora doaz irteerarik edo irteterik ez dutenak? Eta nork dio zerua beste basamortu bat ez denik? Erantzunak, bertoko alfonbren gisan, kontraste handikoak dira.

Erantzunak, sarri, galderen sorlekuan daude, norberagan. Abenturazaleok, dena den, badugu esaldi-arau bat: «hildakoak, geldirik daudenak dira». Hortaz, maiz esan ohi dugun lez ere; «hil artean bizi». Esploratzen jarraitzen dugu, ba, inora ihes egiten duten Rissaniko hondar ale hauek bezala, Merzougara bidean. Haizeak auto aurrean narras darama area airean, geure abiadura berean, gurekin egon nahi ez balu bezala; batera goazen arren, dantza berean. Merzougako dunek margotzen duten paradisu lurtarrera heltzear gaudela abisatuz bezala.

Yasmina hoteleko haiman garagardo batzuk partekatzen ditugu. Halakoak gara, partekatzekoak. Eta antza denez, egoiliarrak, erlijioak bestelakorik esaten dien arren, esker onekoak dira, kar-kar. Izarrek ere —duna eta duna artean— euren zeru apaindura igotzera gonbidatzen gaituzte, haien gainean hegan egitera, ilargiari betea izateko egun bat falta zaiola. Geuk beteko dugu! Marhba.

Euria ari badu, apoek flamenkoa dantzatzen dutela sinistu dezaket, horren sabai loretsuan. Desertu atarian oparitutako turbante gainean seko geratu naiteke gune eta une magiko honetan. Bizitza posibleekin amets egitea bizitza da, ezta??

Ametsak bizitzeko dira, ordea; bagoaz Todrara. Eta Todrarantz goaz, hain zuzen, Tubkal igotzearen ametsa beteta dugulako jadanik, gogotik ezin kendurik gabiltzan Eguberritako bidaia arin hartan, eta ametsak, betetzen direnean, amets izateari uzten diotenez, ba horixe, amets berrien bila.

Honatx Todrako arroilak! Pareta gorriak, inguru okreak... agertoki pribilegiatua; ez gara erratu. Begiek pintzelak dirudite, beste behin. Guk, eguzkiaren baimenaz, eta arroilaren uren arriskuen jakitun, ibiltzera, eskalatzera... mimetizatzera animatzen gara. Zelan ez, abenturazaleak mendizaleak gara batik bat. Aire garbiaren soldaduak gara, bere adiera guztietan, eta, kirol jardunaren sari, palmondoaren putzuan hartzen dugu bainu, elkarren gozagarri. Palmera bera bezala, bakoitza bere emarira iristen da!

Sol kanpinean hartzen dugu ostatu, merke gainera, 40 dirham buruko; gauza on asko, merkeak dira, eta prezio bakoak onenak. Ondo hartzen dugu elkar.

Eta aurrera, Atlas garaien altzoan ederra baita dena. Dades inguruko mendi-zintzur hauek bezain ederra. Beste perla bat; elikatze-iturri. Naturak inspiratuta bezala, bidaideok ohitura dugu ere, alegiazko hurrengo bidaia baterako, aurkitutako toki berriak apuntatzeko: Ourica bailara, arrosen harana, Zagora...

Tira, afaltzera, gida lanetan ari zaigun Rasidh lagunarekin batera. Zenbait keinuk elkar hurbiltzen gaituzte, konexio euskal bereber abegikorra sortuz; «Shukran!».

Goizez, pozarren, furgoneta pixka bat egokitu, maletak eta izozkailua —garrantzitsua— bere lekuan jarri, edariz eta janariz pitin bat hornitu, eta «fuego». 40 gradutan ondo esana! Atlas erdia ezkerreko masailean dudala eta Atlas garaia beste aldean. Garondoan, aldiz, Rif.

Bide sigi-sagatsu honetan, Dra haranaren palmondoen ondotik, Ouarzazate! Ederra herri hau ere, zelan ez; Afrikako Hollywood. Opariak erosteko beste, agidanez. Fatimak, Ali babak... eta, bestelakoetatik urrunduz, bizpahiru solairuko harresi ederreko jatetxean, tahin edo kuskus jana oparitzen diogu geure buruari, gizalegez.

Zerumugan, Marrakex. Begiek dir-dir bezala dar-dar egiten dute, bihotz kolpe berean, sakonetik «hurrengo arte» esanez ari baitzaigu Atlas garaia. Basamortuko haize-ekaitza ur-ekaitz bihurtu da, eta herrixka ederrak kontrastez bete. Baita gu ere, azken finean, hemen, mendia bezalakoa da dena, beti aldakorra eta beti bera! Eta aipatutako aldakortasunaren lagin argi, Marrakex bertako Jamma El Fna plaza nagusia bera, bere zirku txikian: hortz zorrotzeko tximu asaldatuak, suge dantzari dopatuak, henna postuak —eta kopiak—, kartak, hagin saltzaileak...

Koutoubiara orduko eman digu ongi etorria Erromako zubiak, eta, behin hemen, esker onez, momentua zurrupatzen dugu: laranja zuku paregabeak eta okela zatiak. Geu ere, munduaz bat, egunetik gauera alda gaitezke!

Hurrengo jomuga: Ouzoudeko ur-jauziak. «Marokoko ainguren jauzia» deituko nioke nik, hain da ederra! Goza dezagun, beste mirakulurik gabe.

Mozkorraldi emozionalak gorantz jarraitzen du eguzki amandrearen ariora. Laranja handi horrek une euforikoak eskaintzen dizkigu, magiaz blai, begiak begiradatik galtzeko modukoak. Kostarako bide urdinean, bakoitza bere hodeian; amezti. Mendira hondartzara baino maizago goazen arren, arrainak uretan bezala gabiltza batean zein bestean, bai baitakigu bizitzak —tuaregen begiek adina— denetik behar duela pixka bat: berdetik, urdinetik zein beltzetik.

Esauirako hondartza eder honetako hondar ale bat sentitzen gara, era berean. Bai, Sidi kaoukin gaude. Hondarrak, hemen ere, dantzan egiten du, kolore bizitan gainera. Elkar dantzatu dezagun, ba, Kurt Cobain, Manu Chao edo Amparanoiak leku honi egindako kantuen doinuetan, esaterako. Guaja!

Errepidera itzultzen gara, abiadura kontrolez itsatsitako errepidera. Bideokamerak eskutan, polizia marokoarra, turisten harrapaketan dabil sarri-sarri, modus operandi jakin berarekin, bide izkinak checkpoint berezi bihurtuz.

Casablancatik, ordea, di-da batean pasatzen gara. Muturreko pobreziaren eta erlijioz jantzitako aberastasun gehiegizkoaren arteko kontraste honetan, sekula ez naiz ondo moldatu. Meskita ikusgarriaren ondotik pasatu aldiro, inguruak txiroz mukuru, sentsazio kontrajarriak gailentzen dira nigan. Ez daukat gogorik, ezta bestelako filmetan pausatzeko! Aurrera egitea erabaki dugu. Berdin egiten dugu Rabaten Hasan II.aren mausoleoan, non marmol zuriak bakarrik hiru-lau aberats eta milioika eskale bereizten dituen. Gure izatea ez da itxurakeriarekin ondo ezkontzen; kaian arraina jatera emanagoak gara. Eta lasai itsasora begiratzekoak, bere olatuen jakitun eta haizearen jostakin.

Gauzak horrela, bidaia bukaera Asilah herrixkan egingo dugu, ibilbide zirkular hau itxiz. Ibilbide tantrikoa esango nuke, bere ditxosozko joan-etorriekin. Bidaia tantrikoa baiatuko dugu, bada; eguzkien, ilargien, mendilerroen, itsasertzen, te berdeen, irribarreen eta tximeleten bidaia tantrikoa. Azken etapa dastatuko dugu nola mexikar hark tekila hura: kolpean eta bitan pentsa gabe. Ziurgabetasuna patuaren esku utziko dugu! Izan ere, baita borobilean ere, bidaietan beti egongo da zerbaitek ihes egin izanaren sentsazio ñimiño bat. Bidaiak beti izango dira «zer izango ote da hurrengoan?» esaldi-arauaren sehaska txiki bat. In ??? All?h!

Gure bihotzek badute non hartu ostatu; laster gara etxean. Begirada bilduaz goaz dena den. Txanpon beraren aurpegi biak nabarmentzen zaizkigu begi-ninietan. Lurralde honek ikusten utzi eta utzi ez dizkigun guztiaz pentsakor. Ez dakigu guztia den, edo ezer ez den; magia dakargu bueltan. Margoak oparitu genizkion ume haren aurpegiera bera dakargu bueltan.

Ipuinetako pertsonaiekin eta bizialdiko pertsonekin geratzen gara, ur-jauziak, oraingoan, geu baikinen.

Izurdeek —ferrytik— itzuleran, ez dute uretatik bururik atera, isatsa baino ez digute erakutsi. Pentsatzen dut, baina, bizitza deritzon txalupa honetan, gurekin datozela, esan gabe uzten ditugun gauza piloa bezala. Hasperenak, bueltakoak diren arren, antzerakoak baitira. Kontzientzia lasaiz, ba, abentura-kideak abegikor agurtzen ditut: «Bizitzatik bizi izandakoa baino ez dugu eramaten gurekin, eta horretaz ohartzen zarenean, orduan hasten zara, eraman nahi duzuna benetan bizitzen». Bsslama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.