ATZEKOZ AURRERA. Aeham Ahmad. Piano jotzailea

«Pianoa erre zidatenean erabaki nuen Siriatik joatea»

Sirian gerra piztu zenean, pianoa hartu, eta kalean jotzen hasi zen Ahmad, bertze gazte batzuekin. Musikaren bidez, «esperantza» eta «alaitasuna» transmititu nahi zituzten.

NIRAZ SAIED.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Palestinako errefuxiatuak biltzen ditu Yarmoukeko (Damasko, Siria) errefuxiatuen guneak, eta han jaio zen Aeham Ahmad piano jotzailea, 1988an. Gerra hasi zenean, pianoa kalera atera, eta musikaren bidez egoerari aitzin egiten saiatu zen. Pianoa erre zioten, ordea. Gaur egun, Alemanian bizi da, gerratik ihesi Siria utzi ondotik. Bihar, Gotaine-Irabarnen (Zuberoa) izanen da Xiru jaialdian kontzertua ematen, Irabarneko elizan, 15:00etan.

Yarmoukeko errefuxiatuen gunean bizi zinen gerra piztu zen arte. Nolakoa zen zure bizitza han?

Etxean musika eskola bat nuen, eta bertan ikasle askori erakusten nien musika. Gerra hasi zenean, ordea, dena aldatu zen. Nik anitz sufritzen nuen, baina, baita ingurukoek ere. Ez nuen jendea laguntzeko modurik aurkitzen, harik eta pianoa kalera ateratzea otu zitzaigun arte.

Musika karrikara aterata, zer lortu nahi zenuten?

Herritarrei babesa adierazi nahi genien. Zoriontasunik gabeko garai ilunak ziren, eta musikaren bidez bizitza alaitzen eta jendeari esperantza ematen saiatu ginen.

Gerra piztean, zergatik erabaki zenuen Yarmouken gelditzea?

Pentsatu genuelako hilabete bateko edo biko kontua izanen zela. Hilabeteak igaro ziren ordea, eta 2012ko urte hasieran hegazkinez Yarmouk bonbardatzeari ekin zioten. Gobernuko armada Yarmouk barrenera sartu zen, eta gerra hiri barruraino eraman zuten. Izugarrikeria handiak egin zituzten garai horretan.

Noiz erabaki zenuen alde egitea?

Estatu Islamikoak Yarmouk bereganatu zuenean, egoera hagitz latza zen, eta handik alde egin behar izan genuen. Pianoa erre zidatenean erabaki nuen handik alde egitea; hori izan zen Yarmoukeko kaleko musikaren bukaera.

Nolakoa izan zen ihesa?

Ez zen erraza izan Yarmouketik ateratzea. Damaskora joan ahal izateko, diru anitz ordaindu behar izan genuen. Damaskotik mugara bidean gindoazela, familia guztia atxilotu gintuzten. Hala ere, ateratzea lortu genuen.

Bidearen berri ematen hasi zinen Interneten. Zergatik?

Siriatik Turkiara ateratzean, Interneteko konexioa nuenean, Facebooken mezuak idazten eta argazkiak jartzen hasi nintzen, gure bidaiaren nondik norakoak azaltzeko.

Zer-nolako irudiak ziren horiek?

Gauza sinpleak jartzen nituen, familiak gure berri jakin zezan; ezin genuen beti deitu, eta horregatik hasi nintzen Facebooken jartzen. Halako batean, konturatu nintzen jartzen nituen argazkiak jende askok ikusten zituela Europan eta mundu zabalean. New York Times eta BBC hedabideetan oihartzuna izaten hasi ziren.

Bihar, Gotaine-Irabarnen izanen zara kontzertua ematen; zerbait berezia eginen duzu?

Nik egindako bidea pixka bat azalduko dut. Kontent nago han egoteagatik eta nire musika jotzeko aukera izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.