ATZEKOZ AURRERA. Berta Etxeberria. Ikerlaria eta irakaslea

«Hiriak gero eta arinago ari dira aldatzen»

Frantziak eragin zuzena izan zuen Donostiaren modernizazio prozesuan. Hori ondorioztatu du Berta Etxeberriak bere doktoretza tesian.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Le Petit Paris. Horrela izendatu du Donostia Berta Etxeberria EHUko irakasleak (Donostia, 1988) doktoretza tesian. Lan mardula egin du: 1864-1920 artean Frantziak Donostiaren modernizazio prozesuan izan zuen eragina aztertu du.

Zergatik deitzen zaio Donostiari Le Petit Paris?

Liburu eta testu askotan horrelako goitizenarekin ikusi nuen, baina ez da goitizen bat soilik: sentsazio bat da. Jendeak beti esan izan du oso hiri frantsesa dela. Esango nuke goitizen horren atzean ideia hori sintetizatu nahia dagoela: sortu zen hiri berri horrek badituela edo jasotzen dituela Paris modernoaren ideiak.

1864. urtea ezarri duzu abiagune gisa. Orduan hasi zen eragin hori?

Frantsesen presentzia hiria sortu zenetik dago, baina 1864an handitu zen, harresia botatzean. Hiri berri bat eraikitzen hasi ziren: Donostiak Frantzian gertatzen ari ziren modernitateak kopiatu edo egokitu nahi zituen. Era berean, frantses batzuk Donostiara etorri ziren, eta inbertitzeko aukera ikusi zuten. Bi faktore horiek elkar elikatu zuten.

Zer esparrutan antzematen da gehien eragin hori?

Ideia frantses estetiko horren ideia hirigintza eta arkitektura arloan ikusten da. Donostiara etorri zen komunitatearen pisua, bestalde, gehiago antzematen da sektore ekonomikoan, sektore turistikoan, finantzekin erlazionatutakoetan, industrian eta hezkuntzan.

Miarritze ere erreferente izan zen modernizazio prozesu horretan?

Donostia birsortu zenean, pentsatu zuten ea zer hiri mota egin nahi zuten, eta, hiri turistiko bat sortzear zegoenez, Miarritze hartu zuten eredu posibletzat. Zerbitzu anitzen eredua hartu zuten: golfa, tenisa eta hipika, adibidez. Miarritzen pare, bainuetxe hiri bilakatu zen.

Zer ezaugarri zituen Donostiako frantziar komunitateak?

Komunitate gaztea zen. Emakume eta gizonen kopurua nahiko paretsua zen, baina XIX. mendetik aurrera, emakumeen presentzia handitu egin zen. Ezkongabe asko zeuden, alfabetatuak ziren gehienak, eta ofizio bat zuten. Oro har, turismoarekin erlazionatutako pertsonak ziren, eta erlijiosoak. Frantzia osotik etorri ziren, baina erdia-edo, Akitania ingurutik.

Egun, zer geratzen da tesian ikertu duzun Donostia horretatik?

Geroz eta gutxiago. Hiriak gero eta arinago ari dira aldatzen; Donostia ere bai. Donostiako Arte Ederrak antzokia, adibidez, Parisen dagoen Gaumont jauregiaren oso antzekoa da. Han bota egin zuten; beraz, kontuz ibili behar dugu gure ondarearekin: altxor bat da... Nik uste dut irudimen kolektiboaren ideia hori gelditu dela gehienbat.

Airean dagoen ideia kolektibo hori lurreratu nahi izan duzu?

Imajinario hori lurrera jaitsi nahi izan dut, eta zertan zehazten den ikusi: historikoki zergatik izan den eta historikoki nola justifika daitekeen ikusi.

Dokumentazio lan handia izan da?

Zazpi urte izan dira. Dokumentazio ikaragarri handia nuen, eta, aparte, bibliografia. Lau urteko beka jaso nuen, eta amaitu zenean oraindik tesia idazten ari nintzen. Bizi ere egin behar dugu, eta ikerketa ez da behar bezala sustatzen, ekonomikoki ezda asko laguntzen. Hala ere, polita izan da prozesua, nahiz eta oso lan bakartia eta luzea izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.