Gabonen hasiera hiriburuetan

Astelehenean iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Bilbora. Biharamunean Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko kaleak zeharkatuko dituzte; Bilbon Arriagan jasoko dituzte umeen gutunak

Olentzero eta Mari Domingiri eginiko harrera, iaz, Donostiako udaletxeko plazan. JON URBE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Urteko azken hilabeteak esanahi jakina dakar berekin. Argi distiratsuz betetzen dira kaleak, dekorazio koloretsuz hornitzen dituzte erakusleihoak, gaztaina usaina dariei herriei eta atzerrian bizi direnak etxera bueltan dira. Gabonek markatzen dute abendua; neguko soltizioa familia batzeko aitzakia bihurtzen da. Argiekin eta bazkariekin ez ezik, opariekin ere lotzen dira Gabonak, eta opari banaketak arduradun jakinak ditu: Olentzero eta Mari Domingi. Abenduaren 24ko gaua baliatzen dute Euskal Herria zeharkatu eta etxe guztietan zer edo zer uzteko. Lanean hasi aurretik, harrera egiten diete. Donostiara eta Gasteizera astearte arratsaldean helduko dira bi pertsonaiak. Iruñean, berriz, Olentzeroren panpinak bakarrik egingo du ibildea. Bilbon astelehenean egingo dute kalejira. Baionan, joan den larunbatean izan zen harrera.

BILBO

Bilbon bi egunetan banatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Batetik, astelehenean egingo dute kalejira. Carlton hoteleko balkoitik herritarrak agurtu eta 17:30ean hasiko da ibilbidea. Kale Nagusia alderik alde zeharkatuko dute bi pertsonaiek, Arriaga plazara heldu arte. Bertan, Bilboko Udalak kantaldia antolatu du. Hurrengo egunean, berriz, haurren gutunak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik, 11:00etatik 14:00etara.

DONOSTIA

Udaletxea izango dute lehen geralekua Olentzerok eta Mari Domingik Gipuzkoako hiriburuan. 15:30ean batuko dira pertsonaiak herritarrekin asteartean. Alderdi Ederren zain egongo dira haur nahiz helduak, eta erdiko balkoitik agurtuko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik. Udaletxetik jaitsi, eta trikiti eta dantza giroan jasoko dituzte bertaratutako haurren gutunak. 16:00etatik 18:00etara egongo dira opari eskariak jasotzen, eta 17:40an itxiko dute ilara.

Behin eskariak ondo jasota hasiko da harreran bigarren zatia. Umeen eskutitzak hartuta abiatuko dute kalejira hiriko kaleetan barrena, 18:30ean. Bidean, askotariko laguntzaileak izango dituzte alboan. Batetik, basandere, basajaun, hiru jentil, dragoi bat eta 70 iratxo eta ipotx ibiliko dira Olentzero eta Mari Domingiren inguruan bueltaka. Izaki fantastikoekin batera, trikitilariek, erraldoiek, egurgileek eta baserritarrek osatuko dituzte hiria zeharkatuko dituzten bi karrozak. Animaliarik ez da izango kalejiran, estreinakoz. Ordubeteko ibilbidea egingo dute: Bulebarretik hasi eta buka, 19:30ean amaituko da desfilea.

GASTEIZ

Gasteizen egun osoan izango dira ekintzak. Astearte goizean, Mari Domingirekin eta Olentzerorekin aurrez aurre egoteko aukera izango dute haurrek. 10:00etatik 15:00etara egongo dira bi pertsonaiak Gasteizko udaletxeko harrera aretoan gutunak jasotzen. Kalejira, berriz, 18:00etan abiatuko da Iparralde gizarte etxetik. Folkore Akademia, Arabako Dantzarien Biltzarra, Olabide ikastola, Indarra KE eta Kalez Kale kaleko heziketa programa egongo dira desfilean bi pertsonaiekin batera. Denera, ordubeteko iraupena izango du kalejirak, hurrengo ordenan: Iparralde gizarte etxetik Legutioko aterako bidea hartuko dute. Ondoren, Frantzia kalea, Bake kale eta Olagibel kalea zeharkatuko dituzte, 19:00etan Plaza Berrian bukatuz. Ibilbidea bukatuta, Olentzerok eta Mari Domingik udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte herritarrak.

IRUÑEA

Donostiaren eta Gasteizen eran, asteartean bertaratuko da Olentzero hiriburu nafarrera. Mari Domingiriren presentziarik ez da izango Iruñean, ordea. Sorbalda gainean hartuta, 18:00etan paseatuko dute Olentzeroren panpina hiriko kaleetan barrrena. Arte eta Lanbide eskolatik hasi, eta alde zaharra zeharkatu ondotik,Konstituzio plazan bukatuko da kalejira. 200 animalia inguru eta joaldunez, dantzariz eta artzainez osatutako segizioak lagunduko dute panpina ibilaldian. Jaiotza biziduna ere irudikatuko dute. Kalejira amaituta, 19:15etik 19:30era egingo diote harrera Olentzerori udaletxeko plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.