ATZEKOZ AURRERA. Iker Iglesias. Kazetaria eta bildumagilea

«Enpresa batek errazago egin ahal izango luke bilduma»

Iglesiasek emakumezko futbolarien kromo bilduma bat egin du, lagun batekin. Euskal Herriko hamasei futbol taldetako emakumezko jokalarien argazkiekin eta datuekin osatu dute bilduma.

Donostia
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Kazetaritza ikasketak egin ditu Iker Iglesiasek (Barakaldo, Bizkaia, 1993), baina kromoen munduan dabil buru-belarri: futboleko lehen mailan jokatzen duten emakumezkoen kromo bilduma bat bukatu berri du, ia zortziehun kromoko lana. Txikitatik izan du zaletasuna kromo bildumekin.

Nolatan otu zitzaizun emakumezko jokalarien bilduma bat egitea?

Lana nire lagun batekin batera egin dut, Alvaro Carmonarekin. Betidanik izan du gustuko emakumezkoen futbola, eta Athleticeko jokalarien kromoak egitea bururatu zitzaion. Baina oso erraz egin genituen, eta, horregatik, beste pauso bat ematea erabaki genuen. Realeko jokalarienak egin genituen, eta horiek ere, uste baino errazago. Taldeko argazkilari baten laguntza izan genuen. Azkenean, Euskal Herriko hamasei talde nagusietako jokalarien kromoak egiteari ekin genion.

Norekin jarri zarete harremanetan prozesu osoan zehar?

Gure lehenengo pausoa da taldeari galdetzea ea lagunduko digun. Erantzuna baiezkoa baldin bada, taldeak bidaltzen dizkigu argazkiak, baina, ezezkoa baldin bada, beste bide bat bilatu behar izaten dugu. Partidetara joaten diren argazkilariekin jartzen gara harremanetan. Horiek baietz esaten badute, listo; bestela, beste argazkilari batengana jotzen dugu.

Nolako harrera izan du bildumak jokalarien artean?

Denetik egon da. Kromoak sinatzeko eskatzen diegu, eta, egindako lana erakustean, bidaltzeko eskatzen digute. Normalean oso ondo hartzen dute proiektua. Azken finean, haiek ez dute kromorik, eta garrantzitsua da lan hori norbaitek egitea. Emakumeei ikusgaitasuna ematea da gure helburu nagusia.

Kromoak merkaturatzea al da zuen beste helburu bat?

Gure helburua da egunen batean enpresa batek emakumezkoen kromo bilduma bat argitaratzea. Baina hori prozesu luzea da. Guk lortu baldin badugu, enpresa batek errazago lortu ahal izango luke, eta ez luke arazorik izango bilduma hau egiteko. Dena den, guk nahi dugu gure kromoak ahalik eta jende gehienarengana iristea.

Babes handia lortu duzue sare sozialen bidez.

Orokorrean, zoriontzeko idazten digute. Talde gehienek partekatu egiten dute gure lana, eta hori garrantzitsua da guretzat. Alde horretatik oso pozik gaude.

Espero al zenuten zuen bilduma hain azkar zabaltzea?

Lehen taldea Athletic izan zen, eta izugarrizko oihartzuna izan zuen; ez genuen espero hain denbora gutxian halako oihartzuna izatea. Horrek proiektua bermatzen du.

Ba al duzue beste bildumarik esku artean?

Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketa hasiko da ekainean. Beste zazpiehun edo zortziehun kromo egingo ditugu, dena ondo baldin badoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.