ATZEKOZ AURRERA. Karissa Becerra. Aktibista gastronomikoa

«Gizarte gaixo batean biziko gara hemendik gutxira»

Becerrak garrantzi berezia ematen dio elikaduraren hezkuntzari. Munduko Turismo Erakundeak eta Basque Culinary Centerrek asteon egindako gastronomia foroan hartu du parte.

Donostia
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Sukaldaria, idazlea eta ekintzaile gastronomikoa da Karissa Becerra (Lima, 1975). Basque Culinary Cenerrek eta MTE Munduko Turismo Erakundeak antolatutako gastronomia jardunaldietan izan da Donostian, epaimahaikide moduan. La Revolución (Iraultza) izeneko gobernuz kanpoko erakundea sortu zuen orain urte batzuk, elikaduraren hezkuntzan sakontzeko.

Zer funtzio du zuen erakundeak?

Haurrak elikagaigintzari lotuta hezteko metodo bat aurkitu dugu: jaten erakusteaz gain, pentsamendu kritiko bat garatzen irakasten diegu; horrela, aukeratzen ikasten dute, janariari dagokionez, baita bizitzari dagokionez ere. Eta funtzionatzen du.

Norentzat da?

Umeengan zentratzen gara, oro har; baina kontuan hartu behar da haur horiek gurasoak dituztela, eta, gurasoek ez badituzte euren jateko ohiturak aldatzen, alferrik da umeen ikuspuntua eta ohiturak aldatzen saiatzea, ez baita emankorra.

Nola jokatu behar dute gurasoek?

Hasteko, euren umeaz arduratu behar dute. Nork erakusten die haurrei jaten? Gurasoek. Hori etxean irakasten zaie. Umeak, jaiotzen direnetik 3 edo 5 urte dituzten arte, etengabe ari dira hezten, eta hori da arorik erabakigarriena, batez ere elikadurari dagokionez. Guraso batek ez badu umea behar bezala elikatzen aro horretan, ume horrek aukera galtzen du bere sistema kognitiboa eta fisikoa behar bezala garatzeko. Askok azukre asko duten zukuak ematen dizkiete haurrei, eta, modu horretan, lortzen dute haurrak garatzea ohitura bat aldatzea asko kostako zaiona: jaki oso gozoak gustatuko zaizkio, adibidez, edota kalitate txarreko janaria. Denbora eta ekonomia inbertitu behar dira umeek ohitura onak izan ditzaten.

Elikadura txarrak ekar dezake, beraz, haurrek zenbait gaitasun ez garatzea?

Hori da. Perun haur askok dituzte anemia arazoak. Ikusten ditugu gehiegizko pisua duten eta, aldi berean, gaizki elikatuak dauden umeak. Lehen aipatutako lehen aro horretan ume batek ez badu nahikoa nutriente hartzen, gorputza ez da behar bezala garatzen, eta hori konponezina da. Helduok jakingo bagenu zenbateko kaltea egiten diegun gure haurrei, nik uste dut gauzak beste era batera egingo genituzkeela. Horregatik, gurasoak kontzientziatzen saiatzen gara. Gizarte gaixo batean biziko gara hemendik gutxira.

Nola eraiki, ordea, haurren eta elikaduraren arteko zubia?

Gustuaren heziketa da oinarria. Haurrak plazera aurkitu behar du horretarako. Guk kalitate oneko eta txarreko jakien arteko desberdintasunak azaltzen dizkiegu umeei.

Supermerkatuetan denetik aurki dezakete...

Haur bat supermerkatu batera eramatea oso arriskutsua da, saltzen den janaria ez baitago haurrentzat diseinatua. Ezin dugu sustatu min egiten digun enpresarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.