ATZEKOZ AURRERA. Marieta Ramon. Katakrakeko langilea

«Barra barnean hobe, lasai egoteko tokia duzulako»

Ramon valentziarra da, eta asko maite du Iruñea. Barraren barnean ari da egunotan, Katakrakeko langilea baita. Bestak aldatu direla eta, kontent agertu da. Gaur, Pikara besta antolatu du tabernan.

Iker Tubia.
Iruñea
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Lana eta besta ederki uztartzen ditu Marieta Ramon (Alboraia, Herrialde Katalanak, 1983) Katakrakeko langileak. Lan txandan sartu aurretik kontatu du sanferminak nola bizi dituen. Nafarriors, bere roller derby taldearen kamiseta harro darama soinean.

Noiz etorri zinen Iruñera bizitzera?

2017ko maiatzean, baina 2008 eta 2009an hemen bizi izan nintzen.

Valentziarra zara, baina euskaraz eskatzen ahal dizu jendeak, ezta?

Ulertu, ulertzen dut. Nik esaten diet: «Valentziakoa naiz, eta euskara ikasten ari naiz, barkatu». Ostalaritzako oinarrizko hiztegia badakit, baina erantzutea kostatzen zait.

Nola hasi zinen euskaraz?

2008an, oinarri-oinarria ikasi nuen, Zubiarte euskaltegian. Orain, bezeroek irakasten didate.

Barran euskara ikas liteke?

Bai, baina soilik gogoa eta interesa baldin baduzu.

Zein izan ziren zure lehenbiziko sanferminak?

2007an, Caballerizas tabernan lan egin nuen. Gero, 2008an, Iruñera etorri nintzen, neska lagunarekin bizitzera. Harremana utzi, eta Bartzelonan eta Granadan izan nintzen. Nahiko nomada naiz, baina tokietan denbora bat ematen dut.

Nola gogoratzen dituzu lehenbiziko sanfermin haiek?

Eromen hutsa. Ikusi ditudan gauzarik harrigarrienak hemen ikusi ditut. Jende asko zegoen, alkohol asko ere bai. Izugarri hunkitu ninduen 6an denak zuriz jantzita ikusteak, nola transformatzen ziren, zer zoriontsu ziren... Baina alkohol eta droga gehiegikeriak ere izaten dira, baita laneko gehiegikeriak ere.

Hori ez duzu maite.

Zezenketak ere ez ditut maite. Barazki jalea naiz, eta begano izaten saiatzen naiz. Bestaren oinarria zezenak dira: korrika egitera ateratzen dituzte, gero arratsaldean hiltzeko. Arantzatxo hori badut.

Aldatu dira bestak 2009tik?

Bai: jende gutxiago dago, eta erasoen kontuan kontzientzia askoz ere handiagoa dago, nahiz eta, zoritxarrez, oraindik erasoak badiren.

Aurten zer moduz sanferminak?

Oso ongi. Barra barnean hobe, lasai egoteko tokia duzulako. Beste aldean jendeak bultzatu egiten zaitu. Barnean, edan egiten dut, nire lankideekin dantzatu, lan egin, eta soldata jaso. Dena dut barra barnean.

Egoera desatseginak ere bizi dituzue tabernariek?

Lehen egunean, egur guzia margotu ziguten: triskantza ederra egin zuten. Pena dira gertakari horiek.

Gune hau ezberdina da sanferminetan?

Bai. Urte osoan bezala, euskara sustatzen dugu, eta tokiko produktu ekologikoak erabiltzen ditugu. Janariaren kalitatearen eta jendea eta ingurumena zaintzearen alde egiten dugu.

Zer izanen du gaur Katakrakera etortzen denak?

Pikararen neska besta dago. Nafarriors taldeko batzuk ariko dira, tartean Fresh Meat, baita De Capricho, Jai&Guagua eta Selectoras ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.