ATZEKOZ AURRERA. Josette Erramun. Ostalaria

«Orain, jendea ez da gehiago lehen bezala biltzen»

Baionako Merkatuko Ostatua eta hango «giro goxoa» ezagun bilakatu diren ber, egin da ezagun bertako buru Josette Erramun; aurten, haren bisaiarekin buruhandi bat egin dute bestetarako.

Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Baionako bestak. Euskaldunen karrika mukuru beterik, eta Merkatuko Ostatuan betiko arrakasta. Han da, azken 50 urteetan bezala, Josette Erramun (Banka, Nafarroa Beherea, 1941).

Aurten zure bisaiarekin buruhandia egin dute Baionako bestentzat.

Ez dakit sobera zer den, beti badira, kurritzen dute hirian. Semeari aipatua zioten, eta nik ez nekien deus! San Izpiritura eraman ninduten Baionako besten prentsaurrekora, eta han, ene burua ikusi! [irriak] Galdegin diet zertako hautatu ninduten ni, eta erran didate zaharrena nintzela ofizioan, eta hori zor zidatela.

Zer diozu?

Bo... horrela da!

Bankatik etorri zinen Baionara, gaztetan, eta oraino hemen zara.

Badu hirurogei urte Bankatik hona jina naizela. Ordu arte artzain egona nintzen etxean, 20 urteak arte. Ama goizik alargundua zen; orduan, lagundu egin behar zen! Hamaika haurridetarik laugarrena nintzen. Orain ez da biziki ikusten, baina Xixtera ostatuko nagusia jin zitzaidan etxera xerka egun batez, baizik eta langilea zuela falta, ea ni ariko nintzen. Ofizioa batere ez nekien; erran nion: «Ardi jezten ezartzen banauzu, biziki ontsa!» [irriak]. Han ari izan nintzen bizpahiru urtez, eta gero beste hamar urtez Casenave txokolategian.

Txokolategitik nolaz etorri zinen Merkatuko Ostatura?

Hastean, Baionako bestentzat lan egiten nuen, txokolategian ez baitzen lanik gauetan. Orduan zerbitzatzera jiten nintzen, eta gero segitu. Hamar urtez ari izan nintzen horrela, nagusia eritu arte. Orduan, senarrarekin hartu genuen segida; seme-alabak ere ukan genituen. Hori, horrela, bizia! Ez genuen dirurik horren erosteko, eta krediturik ezin egin, baina nagusiak egin zigun kreditua! Orain ez dakit horrelakorik baden!

Zer aldatu da ordutik?

Merkatuarekin eta, azkar aritzen ginen; goizeko lauetan hasten ginen, eta bederatzietako egina genuen eguna. Aldatua da azkar. Bakoitza bere mozkinen saltzera heldu zen lehen, aise jende gehiago biltzen zen. Izugarri maite nuen. Orain denetan badira merkatuak; jendea ez da berdin biltzen.

Nola ikusten duzu hori?

Izugarri maite ditut Baionako bestak! Baina gure adineko... bo, beti maite ditut, bai! Karrika jendez betea da, eta goxo da, gisakoak dira. Denboran, ostatuan kalapita zerbait baldin bazen edo, beti ni deitzen ninduten! Bi mutiko ari baziren disputan, biak hartzen nituen, eta dena konpontzen! [irriak] .

Zerk egiten du zuen arrakasta?

Animaleko jendea dugu. Maite dute hona jitea, goxo baita, eta, batzuetan urrunetik heldu dira, Bretainiatik eta! Ez banaiz hor, galdegiten dute non naizen! [irriak]. Bestetan ere barnealdeko guztiak hitzartzen dira hona jiteko, Bankatik ere bai, kantuz aritzera eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.