Koronabirusa

Zaballako preso bat bakartu dute, ertzain batek kutsatu egin duela eta

Txagorritxuko erietxean zaindu zuen presoa ertzainak. Kartzelako bisitak mugatu egin dituzte

Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Arabako Zaballa espetxeko preso batek COVID-19 gaitza harrapatu du Txagorritxuko erietxean. Positibo eman duen ertzain batek presoa zaindu zuen Gasteizko ospitalean. Presoa sukarrarekin egon zen asteburuan; lehendik ere bazituen patologiak, eta, horregatik, lehen sintomak igarri bezain pronto bakartu zuten beste preso batekin batera, espetxeko erizaindegian. Hura ere kutsaturiko ertzainarekin egon zen.

Gaixoa erietxera eraman zuten gero, eta, lehenengo proban negatibo eman bazuen ere, bigarrenean baieztatu zuten koronabirusa zuela. Ospitalean dago geroztik, eta azken egunetan gaixoarekin harremana izan dutenei jarraipena egiten ari zaizkie.

Egoera dela eta, Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak sartu-irtenak mugatzeko agindua bidali die Arabako espetxeei. Bisitek solastokien bidez soilik izan ahalko dute hartu-emana presoekin, eta programatutako presoen irteerak ere bertan behera utzi dituzte. Lehen bezala jarraitu dute, ordea, ohiko baimenei dagokienez.

Sarrera debekatu diete kartzelan jarduten duten GKEetako kideei ere. Esan dietenez, gutxienez hamabost-hogei egunez ezingo dira espetxera sartu, bestelako abisuren bat jaso arte.

Irten ala ez

Arrats elkarteko ordezkariek kalera irteteko baimenak dituzten presoen egoera salatu zuten atzo. Lau egunez kalera irteteko baimena duen mutil baten kasua jarri zuten adibidetzat: «Orain lau egunez irteten bada, itzultzean hamabost egunez bakartuta edukiko dute. Presoei esaten ari gatzaizkie bi aldiz pentsatzeko zer egin erabakia hartu aurretik. Auzia, gainera, are eta larriagoa da arazo mentalak dituztenen kasuan, bakartzeak eragin negatiboak izan baititzake haientzat».

Hirugarren graduan egon eta kalera irten diren presoei zaintza telematikoa egiten ari zaizkiela ere adierazi zuten Arratsekoek.

Salhaketa erakundeak, berriz, ez ditu begi onez ikusi espetxeetako zuzendaritza nagusiaren neurriak. Haien arabera, «ez dira neurri egokiak»: «Presoak bisitarik gabe geratu dira; familiak ezin dira gerturatu, baina funtzionarioak bai. Familien aldetik arriskua baldin badago, baita funtzionarioen aldetik ere».

Martuteneko espetxean ere (Donostia) sarrera debekatu diete GKEei, baina ez guztiz, Zaballan bezala: solastokien bidez hitz egin dezakete presoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.