Koronabirusa

Steilasek liburu batean bildu ditu pandemiaren gogoeta feministak

Euskal Herriko zenbait militante feministaren testigantzak bildu dituzte; Bilbon aurkeztu dute

Ana Perez eta Nagore Iturrioz atzo, Steilasen Bilboko egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Pandemiaren inguruko gogoeta feministak liburua kaleratu du Steilas sindikatuko idazkaritza feministak. Atzo eman zuten liburuaren nondik norakoen berri, sindikatuaren Bilboko egoitzan. Pandemiaren inguruan hainbat emakumek bizi izan dituzten esperientziak eta ahotsak biltzen ditu; zaintza arloko, garbiketa, osasuna, irakaskuntza eta beste hainbat sektoretako profesionalen testigantzekin, hamabost artikulutan. Hamabost atal horiek gai eta forma askotarikoak dira: batzuk lehen pertsonako bizipenak dira, eta beste batzuek oinarri teorikoagoak eskaintzen dituzte, betiere emakumeak erdigunean jarrita.

«Euskal Herriko feminismoaren ahots esanguratsuak» bildu dituztela azaldu du sindikatuak. Horien artean daude Josebe Iturrioz, Mertxe Larrañaga, Patricia Amigot, Mari Luz Esteban, Nahia Idoiaga, Arantza Arien, Inmaculada Arostegi... Sindikatuarentzat feminismoa «lehentasunezko» gaia dela azaldu du Nagore Iturrioz Steilaseko idazkaritza feministako kideak, eta feminismoa hezkuntzara eramateko konpromisoa dutela kontatu du. COVID-19 aren izurriak «gorputz zaurgarriak» zeharkatu dituela, etagorputz horietako batzuk emakumezkoenak direla aitortu du. Pandemiaren ondorioz emakumeak are zaurgarriago bilakatu direla uste dute: «Emakumeok lanik ezinbestekoenak baina prekarizatuenak egin ditugu, eta eraso sexistek ere gora egin dute itxialdian, hainbat emakume beren erasotzailearekin egon baitira etxean», zehaztu du sindikatuko Ana Perezek.

Perezek argitu du hezkuntza arloan ere hainbat arrakala azaleratu direla COVID-19aren ondorioz: «Irakasleek ikasle behartsuenekin izan dituzten bizipenak jasotzen dira liburuan. Ikasle horiek baliabide teknologikoetarako, eskolako materialetarako edo elikadurarako oztopoak izan dituzte, eta ez dira inoiz EITBn agertu», salatu du. Liburua Hego Euskal Herriko ikastetxe guztietara eta hainbat espazio feministatara eramango dute.

Jasotako esperientzietatik ondorio nagusi bat azpimarratu du idazkaritza feministak; zerbitzu publikoak indartzean dago giltza: «Pandemiak argi utzi du zerbitzu publikoak indartu behar direla, osasungintza, hezkuntza, zaintza eta beste hainbat arlotarako aukera berdintasuna bermatzen duten bakarrak direlako, eta ezin dira enpresa pribatuen eskuetan gelditu». Horregatik, pandemiaren aurreko «normaltasun» terminoa kolokan jarri dute: «Guk ez dugu pandemia baino lehenagoko normaltasun kapitalistara itzuli nahi, kapitalismoak patriarkatuarekin batera erabakitzen baitu zein bizitzak merezi duen eta zeinek ez; beraz, gure helburua sistema berri bat eraikitzea da, non guztiok bizitza duina izateko aukera izango dugun».

Ikastetxeek gaiari buruzkounitate didaktikoak lantzeko eskaria helarazi dietela kontatu du Iturriozek, eta, horregatik, aurten ere, aurretik egin izan ohi duten eran, hezkuntza zentroetarako ariketa multzo bat prestatu dute: Curriculuma deskolonizatzen du izena. Emakumeen Mundu Martxaren V. Ekintzako ildoa hartu dute hausnarketarako gaitzat, eta pribilegioak eta aurreiritziak ikasleekin lantzeko hainbat galdera sorta eta ariketa prestatu dituzte. Ariketa horien bitartez «aniztasunerako» hezkuntzara bidean pausoak eman nahi dituzte.

M-8an, kalera

Martxoaren 8ko egitarauen eztabaiden harira, mobilizatzeko deialdia egin du sindikatuak. Iturriozen eta Perezen ustetan, Martxoaren 8a jomugan jarriz mugimendu feminista «kriminalizatu» nahi dute, pandemiaren «errua» feministei egotziz. Horren adibide gisa jarri dituzte futbol partida eta ospakizunetako pilaketak; esan dute halakoetan ez dela piztu salaketarik, ezta eztabaidarik ere. Euskal Herriko Mugimendu Feministan «konfiantza osoa» dutela azpimarratu dute, eta «orain arte bezala segurtasun neurri guztiak beteta» mobilizatuko direla argitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.