Koronabirusa

Plan Zuria ezarri du berriz Baionako ospitaleak, ZIUak betetzen ari baitira

Intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 425ekoa da Iparraldean, zazpi egunetan kalkulatua

Baionako ospitaleko suspertze zerbitzuko ohe baten artxiboko irudia. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Arantxa Iraola
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun

Aste bakarrean laukoiztu egin da suspertze zerbitzuetan COVID-19a duten pazienteen kopurua Baionako ospitalean. Uztailaren 26an hiru paziente artatzen zituzten gaitzak jota; aste bat berantago, uztailaren 31ko azken datuen arabera, hamabi ziren unitate horretan. Hala, Plan Zuria aktibatu du ospitaleak. Horren bidez, zerbitzuak berrantolatzen ahal dituzte COVID-19a duten paziente gehiago artatu ahal izateko eta suspertze zerbitzuko ohe kopurua emendatzeko. Bestalde, oporretan diren osasun langileak lanera itzultzen ahal dira plan horren bidez.

 

Maritxu Blanzaco Eskualdeko Osasun Agentziako departamendu buruak adierazi du intzidentzia tasa azkarki emendatu dela Pirinio Atlantikoetako departamenduan, «bereziki Ipar Euskal Herrian». Izan ere, Iparraldeko intzidentzia tasa 425ekoa da, zazpi eguneko. Blanzacok adierazi du datozen egunetan «adi egon» beharko dutela ospitaleko egoerari begira, artatzen duten paziente kopuruak «gora egin» baitezake, egin dituzten aurreikuspenen arabera.

Ez da lehen aldia Baionako ospitaleak Plan Zuria aktibatzen duela: pandemia hasieran, 2020ko martxoan ere aktibatu zuten, eta, berantago, 2020ko urrian ere bai, kasu kopuruak nabarmen gora egin baitzuen: gaitzak jotako zortzi paziente artatzen zituzten ZIUetan orduan. Dena den, egoera pixka bat ezberdina da oraingoan: Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera, Pirinio Atlantikoetako departamenduan txertoa har dezaketen herritarretatik %67k hartu dituzte bi dosiak. Blanzacok nabarmendu du —betiere, azken datuen arabera— suspertze zerbitzuan diren paziente gehienek ez dutela hartu koronabirusaren kontrako txertorik.

Bestalde, Frantziako Gobernuak, pandemia «kontrolatzeko» asmoz, osasun ziurtagiriaren erabilera hedatzea deliberatu zuen uztailean. Dagoeneko derrigorrezkoa da 50 lagun baino gehiago biltzen diren ekitaldietan. Gainera, agorrilaren 9tik landa, ostatuetan ere derrigorrezkoa izanen da, eta osasun langileentzat beharrezkoa izanen da txertatzea, Konstituzio Kontseiluak legea onartzen badu. Izan ere, Frantziako Asanbleak eta Senatuak legea onarturik ere, Konstituzio Kontseiluak emanen du azken hitza, ostegunean. Legea osoki bere horretan onartuz gero, agorrilaren 9an sartuko da indarrean.

Hegoaldeko datuak

COVID-19aren 9.264 test egin zituzten herenegun Osasunbideko eta Osakidetzako profesionalek, eta positibo gehien Bizkaian atzeman zituzten: 457. Atzetik, Nafarroa: 280 izan ziren. Azkenik, Gipuzkoan 200 positibo izan ziren, eta Araban, 95. Osakidetzak atzemandako kasuen artean hamabost izan ziren erkidegotik kanpo diren pertsonenak. Denera mila kasuren langa gainditu zuten: 1.047 izan ziren. Uztailaren 10ean lehen aldiz muga hori gainditu zenetik izurriaren goraldi honetan izan den kopuru apalena izan da, eta kasuen batezbestekoan ere beherakada bat ageriko da.

COVID-19aren ondorioz erietxeetara heldutako pazienteen berri ere eman zuten atzo bi osasun sistemek. Osasunbideak lau lagun ospitaleratu behar izan zituen igandean, eta bi eraman behar izan zituen ZIU zainketa intentsiboetako unitateetara; denera 123 paziente dituzte COVID-19arekin, horietako hogei ZIUetan. Osakidetzak jakinarazi zuen beste 33 gaixo ospitaleratu behar izan zituela; 239 paziente dituzte erietxeetako gela arruntetan, eta 60 daude ZIUetan. Ospitaleratzeen batezbestekoari begira ere egonkortze bat ikusten da.

Atzoko datuetan, aurreko asteetako ildo berean, deigarria da pertsona oso gazteetan atzematen ari direla kasu positibo gehienak. Horren erakusgarri, adibidez, Osakidetzak jakinarazitako datuak: 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia metatua, 10-19 adin tartean, 2.445 kasukoa da; 20-29 adin tartean, 2.667koa. Mailaketan hurrengoa 30-39 adin tartea da, baina erdira ere ez da iristen: 907 kasukoa da intzidentzia adin tarte horretan.

Bitartean, txertatutako populazioaren ehunekoa gora doa. Hego Euskal Herriko herritarren %67k dosi bat hartua dute, eta %61ek prozesua bukatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.