Koronabirusa

EMAren arabera, hirugarren dosia jartzea «ez da premiazkoa»

Uste du lehentasuna duela pauta osoa ez duten herritarrak babesteak. Ontzat jo du immunoeskasia dutenei beste dosi bat jartzea

Osasun langile bat, COVID-19aren aurkako txertoa jartzen. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Gaur egun dauden ebidentzia zientifikoak kontuan harturik, COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia jartzea «ez da beharrezkoa», EMA Sendagaien Europako Agentziak ondorioztatu duenez. Europan, 18 urtetik gorako hiru herritarretatik batek ez du oraindik txertoaren pauta osoa hartua, eta adierazi du lehentasuna horiek babestea dela. Horiek hala, EMAren arabera, hirugarren dosia ematea «ez da premiazkoa» gaur-gaurkoz.

ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak argitaratutako txosten tekniko bat oinarri hartuta atera du EMAk ondorio hori. Edonola ere, ontzat jo du gaixotasun bat tarteko immunitate maila baxua duten herritarrei hirugarren dosia ematea. Besteak beste, COVID-19aren txertoaren hirugarren ziztada jartzeko aukera ontzat jo du immunoeskasia dutenen kasuan, eta organo transplante bat dutenak jarri ditu adibide modura. Halaber, «egoera zaurgarrienean» diren adinekoei ere hirugarren dosia jartzeko aholkatu du EMAk, «zuhurtziagatik».

EMA ez ezik, OME Osasunaren Mundu Erakundea ere COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia jartzearen aurka azaldu izan da. Haatik, hainbat herrialde hasiak dira hirugarren dosia jartzen. Euskal Herriari dagokionez, Ipar Euskal Herriko zahar etxeetako egoiliarrek aukera izango dute hirugarren ziztada hartzeko hilaren 13tik aitzina, Frantziako Gobernuak horretarako bidea ireki baitu. 65 urtetik gorakoei eta herritar zaurgarriei ere hirugarren dosia hartzea gomendatu die gobernuak.

Hego Euskal Herriari dagokionez, datorren astean hartuko da erabakia, Espainiako Gobernuko Lurralde Arteko Osasun Batzordean. Hala ere, atzo EMAk jakinarazitakoaren bidetik, aholku bat eman zuen herenegun Espainiako Osasun Ministerioak, eta hirugarren dosia soilik immunoeskasia dutenei ematearen alde agertu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.