Zingira. Euskaraz eta naturarekin bat

2015eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Haurren garapen natural eta askea bermatu nahi dugu», dio Eneko Solaberrieta Mendez Zingirako kideak. Orio eta Aia arteko (Gipuzkoa) naturgunean dago Zingira hezkuntza proiektua. Familia talde batek sortu zuen 2011ko udaberrian. Umeen ekinbideak eta interesak errespetatuko dituen hezkuntza proiektu euskalduna da beren eskolaren ardatza. Egun, 3 eta 10 urte arteko hamalau umek ikasten dute bertan.

Eguna interes pertsonalen tartearekin hasten dute Zingiran. Haur bakoitzak unean uneko bere interesak lantzeko aukera du, helduak eta beste umeak ondoan dituela laguntzarik behar izanez gero. «Haur bat ipuin bat idazten egon daiteke, beste bat bizikletan ibiltzen ikasten, eta beste bat dinosauroei buruzko datuak bilatzen», azaldu du Solaberrietak. Egunez, hautazko hainbat tailer egiteko aukera dute. Saio horiek ez dute ikasturte osoanirauten; beraz, aldiro-aldiro aldatzen dituzte. Gaur egun, adibidez, tailer hauek egiten dituzte: giza gorputza, planoak, kirola, pintura, buztina, eraikuntza eta mugimendua. Asteazkenean, txangoak egiten dituzte: pagadira, hondartzara, museoren batera, patinatzera...

Eskolaren kudeaketa gurasoen esku dago. Hilean behin batzarra egiten dute, eta han antolatzen dituzte eskolako beharrak eta eginkizunak; besteak beste, garbiketa, sukaldea eta azpiegituren mantentzea. Horrez gain, hezkuntza eredua finkatzen dute, eta talde pedagogikoak modu egokiena bilatzen du batzarrean erabakitakoa praktikan jartzeko. Era berean, guraso guztiek aukera dute tailerrak egiteko edota ipuinak irakurtzeko.

Umeek euren interes pertsonalaren araberako proiektuak garatzeko aukerari berebiziko garrantzia ematen diote Zingiran. «Haurrentzat plazera da bururatzen zaien ideiaren batekin proiektu bat aurrera atera ahal izatea», azaldu du Solaberrietak. Batzuetan bakarka egiten dute; askotan, taldean.

Egitasmoko arduradunen aburuz, jolasa ez da denbora galtzea, ikasketa prozesu naturalaren jarduerarik funtsezkoena baizik, eta sustatu egin behar da. «Zingiran,haurren jolasa ez oztopatzea eta ez epaitzea dugu helburu, ez dezagun zapuztu». Horrekin batera, garrantzitsutzat jotzen dute haurrak naturarekin harremanetan haztea, «naturfobia» zantzu handiak ikusten baitituzte egungo haurrengan. Horretarako toki ona da Zingira, naturaz inguratua baitago.

Askatasuna ere bada funtsezko balioa Zingiran. Haur bakoitzak erabakitzen du zer, non eta noiz egiten duen, beste inoren ongizatea zapuzten ez duen bitartean. Hala ere, askatasuna erantzukizunen eskutik doala uste du Solaberrietak. «Erantzukizunik gabeko askatasuna galdukeria da, eta askatasunik gabeko erantzukizuna, mendekotasuna». Horregatik, haurrei erabakiak hartzen uzten diete, baina horien ondorioak ere jasan ditzaten nahi dute. Helburua haurrak autonomo izateko aukera sentitzea da, baina helduen eskakizunik gabe. Hala ere, laguntza eskatzen dutenean ematen diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.