Bruselak 500 milioi euro jarriko ditu esne ekoizleen haserrea baretzeko

Europako Batzordeak neurri sorta bat aurkeztu die EBko herrialdeetako nekazaritza ministroei.Europa osoko abeltzainak bildu dira Bruselan, sektorearen egoera zaila salatzeko

Abeltzainek lastoa bota zuten Europako Batzordearen egoitzaren atarira eta su eman zioten, protesta gisa. LAURENT DUBRULE / EFE.
Arnaitz Lasarte.
2015eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak 500 milioi euroko diru sailarekin erantzungo dio esne sektorearen krisiari. Jyrki Katainen Europako Batzordeko presidenteordeak atzo aurkeztu zien EBko herrialdeetako nekazaritza ministroei abeltzainen egoera zaila dela-eta prestatutako neurri sorta. Hiru helburu nagusi ditu Bruselak: «Likidezia arazoak dituzten abeltzainei laguntzea, merkatuak egonkortzea eta elikagaien katearen funtzionamendua hobetzea». Besteak beste, abenduan eman beharreko diru laguntzen %70 udazkenean ematea baimenduko die herrialdeei. Bileraren harira, Europa osoko milaka abeltzainek protesta egin zuten atzo Bruselan.

Jyrki Katainenen arabera, Europako Batzordeak erantzun «sendoa eta erabakigarria» eman dio abeltzainek duten egoerari. Ez dirudi, ordea, hartutako neurriek abeltzainak asebeteko dituenik. Izan ere, Nekazaritza Erakundeen eta Kooperatiben Europako Batzordearen (Copa-Cogeca) eskaeretako bat zen zenbait abeltzainek gehiegi ekoizteagatik ordaindutako isunak sektoreari itzultzea. Azken kanpainan, 900 milioi euro bildu ditu Europako Batzordeak isun horien bidez. Bruselak iragarritako 500 milioi euroko laguntza, beraz, urrun gelditu da kopuru horietatik.

Martxoaren amaieran kuoten sistema kendu zutenetik are gehiago zaildu da esne ekoizleen egoera. Kuotak kendu izanari Errusiak Europako produktuei jarritako betoa gehitu behar zaio, gainera. Beto hori Baltikoko herrialdeek nabaritu dute batez ere, baina apurka-apurka gainontzeko herrialdeetan ere eragiten ari da. Errusiako merkatua itxi ondoren, esne litroaren prezioa jaitsi egin da azken hilabeteetan. Baserritar asko kostu prezioaren azpitik ari dira esnea saltzen.

Hori dela eta, hainbat sindikatuk eta elkartek gutxieneko prezio bat jartzeko eskatu diote Bruselari. Europako Batzordearengan esperantza gutxi zuten, hala ere. Gutxieneko prezio bat ezartzearen aurka agertu da hasieratik, eta atzo aurkeztutako neurri sortan ere ez dago gisa horretako neurririk. Kuotak berriz martxan jartzeko aukera ere bilera hasi aurretik baztertu zuen Europako Batzordeko bozeramaile Daniel Rosariok: «Phil Hogan komisarioak argi esan zuen duela pare bat aste: esne kuotak joan dira, eta ez dira berriz itzuliko».

Protestak, atarian

Abeltzainak Bruselara begira zeuden atzo, eta asko izan ziren haraino joan zirenak ere —EHNEk ordezkaritza bat bidali zuen—. Europako Batzordearen egoitzaren atarian protesta jendetsua egin zuten. Belgikako Poliziaren arabera, 5.000 abeltzainek parte hartu zuten, eta 400 traktoretik gora mugiarazi zituzten.

Iruñean, berriz, Nafarroako EHNEk deituta elkarretaratzea egin zuten Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Brusela eta Madril esne sektorearentzako neurri eraginkorrak hartzera deitu zituzten. Mobilizazio horrekin bat egin zuen UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.