Pastor
DARWIN ETA GU

Cindy Lhasan

2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Emakume erakargarriak maite ditu Dalai Lamak. Ez du oso ondo zehaztu zer gorpuzkera edo ezaugarri fisiko izan beharko luketen andre horiek begien aurrean atseginak izateko: aurpegi jakin bat, luzera, bular edo gerriaren tamaina... Kontu bat argi utzi du: emakumeei dagokienez, aurpegi politak ditu gustukoak. Areago emakume bat munduko budisten burua izateko. Zergatik? Haren ustez, emakume itsusi bati inork ere ez liokeelako begiratuko.

BBC telebista publiko britainiarrean egin ditu adierazpenak. Duela urte batzuk esandakoari buruz galdetu dio kazetariak: bere ondorengoa emakumezkoa izateko aukerari eusten dio? Baietz erantzun du Dalai Lamak. «Baina orduan esan zenuen: erakargarria izan beharko luke emakume horrek, bestela ez bailuke balio handirik izango». «Bai», esan du gizonak. Adierazpenek emakume asko atsekabetuko dituztela erantzun dio kazetariak. Budisten buruak garrantzia kendu dio auziari: «Hori behin da. Dalai Lama emakumezko bat badator, hark erakargarriagoa izan beharko luke. Dalai Lama emakumezko bat... [eta imintzioka hasi da kameraren aurrean, aurpegia desitxuratzen, itsusten] uste dut jendeak nahiago duela, hura ez ikusi, haren aurpegia». Kazetariak lagundu nahi izan dio: «Emakume askok eta askok esango lukete hori emakumeak objektutzat jotzea dela, baina barruan nolakoa zaren da kontua, ezta?». «Nik uste biak», amaitu du Dalai Lamak.

Dalai Lamaren mezua ez da nahasgarria. Batez ere, keinuka hasi denean aurpegi erakargarria izango ez lukeen emakumearen irudia deskribatzeko. Dena den, egun batzuen ondoren barkatzeko eskatu du esandakoagatik. Ondo dago. Galdera hau da, baina: zer gertatuko zen halako hitzak Frantziskok,Eliza Katolikoko buruak, esan balitu? Bereak eta bi entzun beharko zituen Jorge Mario Bergogliok: matxista, misoginoa, atzerakoia... Dalai Lamari, aldiz, ez zaio deus gertatu: orokorrean, kontrako adierazpenik ez, kontzentraziorik ez mundu zabaleko zentro budisten aurrean.

Beatles taldekoak Indiara joan ziren, eta ekialdeko mistizismoa aurkitu eta saldu ziguten. Love and peaceLove and piece, esango nuke nik—. Lorea eta belarra, pitxerra eta aparra. Jainkoa hil dugu, baina umezurtzok nahierarako jainkoen bila gabiltza urruneko paradisuetan. Meditazioa hobe Himalayan Orreagan baino. Hurbilago ortzitik eta ustezko zerutik.

Zer dakigu Tibeti buruz, txinatar gaizto horien zapalkuntzaz gain? Zer uste du Dalai Lamak homosexualei buruz?—AEBetako budista gay eta lesbianek behin baino gehiagotan kritikatu dute haren jarrera—. Abusu sexualak egin dizkiete gazteei monastegi budistetan? Zein da haren jarrera haur transgeneroen eskubideei buruz? Zer uste du antisorgailuei buruz? —«Sexualitatea erreprodukziorako da, ezta?», galdetu zuen San Frantziskoko gay talde batek 90eko urteetan egindako bileran—.

Beste inorekin egiten ez duguna egiten dugu Dalai Lamarekin. Dena onartzen diogu. Izan ere, haren irribarrea hain da gozoa! Bakea dario.Nirvana ematen digu, sufrimendutik askatzeko esperantza hutsal hori —noiz ikasiko dugu, ba, sufrimendua bizitzaren ezinbesteko aldea dela?—. Eta gainera, txinatar horiek tartean daudenez, alde du nazioarteko komunitatea deritzon boterea. Hedabideak. Eta Hollywood. Budista dugu Richard Gere. Haren pelikula bat izan daiteke propaganda onena. Hori guztia dela eta, dena irensten dugu. Ia ez digu ardura Dalai Lamak esaten badu emakume erakargarri bat nahi lukeela bere ondorengo moduan. Horretarako miss lehiaketa bat antolatu nahi balu, oraingo joeren berri emateraino iritsiko ginateke, agian.Victoria's Secret-en webgunean ikusi ahal ditu «aingeru bat izateko» zehazten diren hiru neurriak: 81-61-87, 86-58-86eta 83-67-88.

Kristautasuna iragana da, antza. Budismoa, berriz, oso guay eta modernoa. Etorkizuna Mendebalde hedonistan. Bikain! Ezin jakin geroak zer ekarriko, baina ateo baten fedeak hauxe dio: behin amets egiten hasita, lehenago irudikatzen dut Ama Santu bat Vatikanoan, Cindy Crawford aurpegi hagitz erakargarriaren haragitzea Lhasan baino.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.