Maddalen Iriartek umetan jasaniko abusuak salatu ditu

Zazpi urte zituela udaleku batzuetan gertatua kontatu du. «Oraindik eskuak dardarka ditut. Zelako mina, amorrua eta ezintasuna»

Maddalen Iriarte, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Vocento taldeko hainbat hedabidetan argitaratutako artikulu batean, zazpi urte baino ez zituenean pairatu zuen sexu indarkeriaz idatzi du Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen eledunak. Umea zela udaleku batzuetan sexu abusuak jasan zituela kontatu du. «Oraindik eskuak dardarka ditut. Zelako mina, amorrua eta ezintasuna», idatzi du artikuluan: «Beldurrez nago oraindik amets honetatik esnatuko naizen eta hormaren kontra estututako haur hura izango naizen berriz».

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta data horren harira idatzi du Iriartek artikulua. Bere esperientziaren berri emateaz gain, indarkeria matxistaz jardun du idatzian, oro har. Abusuak «beste batzuei beste lekuetan» gertatzen zaizkiela ez pentsatzeko eskatu du. «Guztioi gertatzen zaigu. Etxeko zigorgabetasunean, edo ez oso urrun. Leku guztietan gertatzen da. Eta denon arazo handia da. Gu ere alabak, amak, amonak, lagunak eta bikotekideak baikara... Beraz, pitz gaitezen! Ustez barregarria den txantxatik hasi, eta gainerako guztiraino».

Iriartek adierazi duenez, berdintasuna ez da gertatuko den gauza bat. «Berdintasuna lortzeko, borrokatu egin beharko dugu, eta Euskal Herrian ez dugun estatu batetik ezarri beharko dugu berdintasuna, emakumeak partaide eginez, baita feminismoa ere, emakume guztiak barne».

Abusuak uzten duen markaz idatzi du, halaber: «Tatuaje horrentzat ez dago laserrik! Hori ezin da ezabatu, edo nik ezin izan dut ezabatu. Gertatutakoa ezkutuan gorde nuen urte luzez. Ia erotu egiten naiz gogoratzen dudanean handik denbora batera amari kontatu niola», azaldu du. Erasotzailea hilda dago.

Errealitatea aldatzeko neurriak galdegin ditu Iriartek. «Tiritak jarrita, zauria estali baino ez dugu egiten, zornea atera arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.