Lehenengoa Isak gabe

Newcastlek fitxatu du jada, eta Reala Elxen arituko da gaur. Europa ligan, Manchester United, Xeriff eta Omonia Nicosia izango ditu aurkari

Imanol Alguacil eta hainbat taldekide, Zubietan. JUAN HERRERO / EFE.
Beñat Mujika Telleria - Aitor Manterola Garate
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Martinez Valero futbol zelaian jokatuko du gaur Realak. (17:30, Dazn). Lehenengo neurketa izango du Realak Alexander Isaken salmentaren ondoren, baina baikor agertu zen Imanol, atzoko prentsaurrekoan. Karrikaburu da deialdian sartu duen aurrelari bakarra, eta hasieratik aritzeko aukera izan dezake.

Ez da aste samurra izan Realean. Isak izan da asteko hizpide, eta askok asteburuko neurketa ere ahaztu egin dute. Eskerrak eman zizkion Imanolek suediarrari, atzoko prentsaurrekoan: «Hiru urte hauetan asko eman digu». Hala ere, esan zuen taldea «oso lasai» dagoela, eta etor daitezkeenei baino garrantzi handiagoa eman zion «daudenak ahalik eta ondoena» egoteari. Gero, Jokin Aperribai presidenteak adierazi zuen bat edo bi jokalari gehiago ekarriko dituztela.

Elx izango du aurrean Realak, eta lehenengo garaipenaren bila irtengo dira, zaleen aurrean. Imanolek esan zuen taldea «oso ondo» dagoela neurketari aurre egiteko, eta Bartzelonaren aurka egindako lehenengo 60 minutuei «jarraipena» eman nahi die taldeak. Mikel Oyarzabal eta Carlos Fernandez ez dira faltan izango diren bakarrak; Turrientes, Diego Rico eta Gebara ere ez dira ariko, min hartuta baitaude.

Isakek utzi duen hutsunearen ondoren, Jon Karrikaburu da Imanolek deialdian sartu duen aurrelari bakarra, eta lehenengoz joka dezake hasieratik. Baztandarrak minutu batzuez jokatu du aurreko bi partidetan, eta azken denboraldietan gol ugari sartu eta gero, itxaropen handia dauka klubak harengan.

Iazko azarotik lan polita egin ondoren, Francisco Rodriguezek jarraitzen du Elxeren aulkian. Alacanteko taldeak (Herrialde Katalanak) fitxaketa interesgarriak egin ditu aurten: besteak beste, Roger Marti, Alex Collado eta Domingos Quina. Hala ere, Lucas Boye da izarra.

Lehenengo neurketan 3-0 galdu zuen Elxek Benito Villamarin futbol zelaian, Betisen aurka. Aurreneko minutuetan jokalari bat gutxiagorekin gelditu ziren, eta garesti ordaindu zuten hori markagailuan. Bigarren jardunaldian, berriz, 1-1 berdindu zuen etxean, Almeriaren aurka. Entrenatzailearen hitzetan, «bikain» jokatzen du Realak: «Oso jokalari onak ditu zelai erdian, eta bertsiorik onena eman beharko dugu irabazteko».

United, berriro ere

Reala E multzoan izango da Europa ligako multzoen fasean, aurkari hauekin: Manchester United (Ingalaterra), Xeriff Tiraspol (Transnistria) eta Omonia Nikosia (Zipre). Egutegia ez da atera oraindik, baina multzoen fasea irailaren 8an hasiko da. Inoiz baino lehenago bukatuko da, gainera, Munduko Kopa dagoelako udazkenean Qatarren. Azaroaren 3an izango du azkena multzoen faseak. Lehen sailkatuak zuzenean egingo du jauzia final-zortzirenetara, eta bigarrenak kanporaketa jokatu beharko du Txapeldunen Ligako multzoen fasean hirugarren geratu den talde baten aurka.

Manchester United eraberritze prozesuan dago. Erik Ten Hag herbeheretarrak du horren ardura, Ajaxeko ohiak. Izar festa dauka: besteak beste, Cristiano Ronaldo, Bruno Fernandes, Casemiro, Eriksen eta Marcus Rashford.

Xeriff Tiraspol aurreko sasoian egin zen ezagun, Real Madrili irabazi ziolako Txapeldunen Ligan. 1997an sortu zuen kluba Xeriff segurtasun enpresak. Transnistriak 1990ean egin zuen Moldaviatik independente izateko hautua, baina nazioarteak ez zion onartu. Horrenbestez, Moldaviako ligan aritzen da. Entrenatzailea Stjepan Tomas kroaziarra da, eta palmares oparoa du taldeak.

Omonia Nikosiak ibili luzeagoa du Europan, sortu ere aspaldi sortu zelako: 1948an. Henning Berg norvegiarra da entrenatzailea, eta garaipen sorta handia dauka taldeak, Zipren. Herrialdeak XX. mendean izandako talderik onena izendatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.