Athleticen eta Osasunaren zerga erregimenaren inguruko epaia, balio gabe

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak hartu du erabakia. Ez du zehazten, baina bost milioi euro itzultzera behartuta egon daitezke

Osasunaren Sadar futbol zelaiaren ikuspegi orokorra. JESUS DIGES / EFE.
Julen Etxeberria - Ainara Arratibel Gascon
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak baliogabetu egin du Bartzelonaren, Athleticen, Real Madrilen eta Osasunaren zerga erregimena ziurtatzen duen Auzitegi Orokorraren epaia. Beraz, behin betiko ezetsi du Bartzelonak Europako Batzordearen erabakiaren aurka eta Espainiari klubek jaso zituzten laguntza guztiak berreskuratzeko asmoz jarritako helegitea. Izan ere, erabaki honi ezin diote helegitea jarri klubek.

 

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak atzo goizean eman zuen sententziaren berri, eta adierazi zuen bertan behera utziko duela Auzitegi Orokorraren epaia. Epai horren bidez, baliogabetu egin zen Europako Batzordeak Espainiako ligako lau futbol klub profesional horien zerga araubidea estatuaren laguntza gisa izendatu zuen erabakia.

Auzitegi Orokorrak 2019ko otsailean baliogabetu zuen Europako Batzordearen erabakia. Epai horretan, Europako Batzordeak Espainiari agintzen zion klub horiek legez kanpokotzat jotzen zituzten estatuko laguntzak berreskuratzeko, eta, hala, lau kluben zerga araubidea bermatzeko kirol sozietate anonimo gisa.

2013an hasi zen auzia, Joaquin Almuniak, garai hartan Europako Batasunerako Lehiaren Defentsarako komisarioa zenak, Espainiako Futbol Ligako taldeek jasotako laguntza publikoak ikertu behar zirela esan zuenean. 1990ean, eta pilaturiko zorren eraginez, Espainiako Ogasunak futbol talde profesional guztiak elkarte anonimo bihurtzera behartu zituen. Salbuespen bat ezarri zuen, baina: aurreko lau urteetan galerarik izan ez eta pilaturiko zorrik gabeko taldeek ez zuten bete behar. Lau talde zeuden egoera horretan: Athletic, Osasuna, Bartzelona eta Real Madril. Sozietate anonimo ez izateak modua ematen du batezbesteko txikiagoa ordaintzeko sozietate zergan: %25, %30en ordez, hain zuzen. Beste arrazoia, berriz, finantzaketari zegokion. Eta horretan talde zuri-gorria zuen jomugan Bruselak, edo, zehatzago izanda, San Mames estadio berria eraikitzeko sortutako elkartea: San Mames Barria, hain zuzen ere. Osaketa ikertu nahi zuen, horretan ere legez kanpoko diru laguntzak egin ziren aztertzeko. Elkarteko bost kideetatik hiru publikoak ziren, eta haien babesa Athletici emaniko laguntza publiko gisa har zitekeelako hasi zen ikerketa. Estadioak 186 milioi euroko kostua izan zuen. Baina 2016an artxibatu zen.

Baina, urte horretan, Europako Batasuneko Lehiaren Defentsarako Batzordeak bost milioi eurorainoko isunak ezarri zizkien lau klubei. Haren iritziz, 25 urteetan sozietate zerga txikiagoa ordaindu zuten, eta hori oinarri publikoko pribilegioa dela azpimarratu zuen. Klubek errekurtsoa aurkeztu zuten Europako Batasuneko Auzitegi Nagusian, eta hark arrazoia eman zien hiru urte geroago. Ontzat eman zuen zerga erregimen hori, eta atzera bota zuen Europako Batzordeak proposatutako zigorra. Europako Batzordeak zioen elkarte anonimo ez izateak abantaila ematen diela zergetan klub horiei.

Bi urte eskas geroago, Justizia Auzitegiak atzera bota du erabaki hori. Ikusteko dago zer ondorio izango dituen. Litekeena da zerga erregimen berezi horregatik ordaindu ez duten dirua pagatu behar izatea: bost milioi euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.