Ez du aurkaririk izan

Chloe Dygertek nagusitasun handiz irabazi du Munduko Txapelketako erlojupekoa. 1.32 atera dio Van der Breggeni, eta 1.52 Van Vleuteni

Ez du aurkaririk izan.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ez Annemiek van Vleutenek, ez Anna van der Breggenenek; Chloe Dygertek kolkoratu zuen atzo urrezko domina Yorkshireko (Erresuma Batua) Munduko Txapelketako erlojupekoan. Herbeheretarrei begira zegoen mundu guztia, baina nagusitasun osoz gailendu zitzaien 22 urteko estatubatuarra. Hegan egin zuen 30 kilometroko ibilbide bustian, eta 42.11ko denbora ezarri. Ez zitzaion inor gerturatu. Van der Breggen minutu eta erdi pasatxora gelditu zen, eta zilarrezko dominarekin konformatu berriz ere —laugarrena du—. Hirugarren Van Vleuten izan zen, azken bi urteetako txapelduna, ia bi minutuko atzerapenarekin.

Pistako espezialista da Dygert. Bost aldiz izan da munduko txapeldun diziplina horretan. Bada, belodromoan balego bezala jardun zuen atzo Ripon eta Harrogate arteko errepide irristakorrean. Hamargarren kilometrorako, aurreratua zuen jada Lisa Brennauer, irabazteko beste hautagaietako bat. Seinale ezin hobea zen. Eta susmo guztiak berretsi zituen tarteko mugarrian: minututik gorako aldea ateratzen zien Van Vleuteni eta Van der Breggeni. Okerrik ezean, berea zen garaipena. Eta hala izan zen. Lourdes Oiarbide eginoarra izan zen euskal herritar bakarra, eta ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera: 41. izan zen, 7.52ra.

23 urtez azpiko gizonezkoen erlojupekoa ere jokatu zen atzo, eta bertan, Mikkel Bjerg izan zen indartsuena. Danimarkarra zen faborito nagusia, azken bi aldietan txapeldun izan ostean. Eta ez zuen hutsik egin. Podiumean Ian Garrison eta Brandon McNulty estatubatuarrak izan zituen aldamenean. Haiekin lehiatzeko asmoa zuen Johan Price-Pejtersen Europako txapeldunak, baina eroriko ikusgarria izan zuen putzu sakon batean. Euriteak erabat baldintzatutako saioa izan zen.

Euskal ziklistek sentipen kontrajarriak izan zituzten. Iñigo Elosegi bilbotarrak saio txukuna osatu zuen, eta podiumean ere sartu zen behin-behinean. 17. izan zen azkenean, 2.03ra. Xabier Mikel Azparren irurtzundarra, berriz, ez zen espero bezala aritu, eta 46. bukatu zuen, lau minutuko atzerapenarekin.

Castroviejoren zalantzak

Gaur elite mailako gizonezkoen txanda izango da. 54 kilometroko ibilbide gorabeheratsua jokatuko dute. Hautagaien artean dago Jonathan Castroviejo. Getxoztarrak badaki zer den Munduko Txapelketa batean domina bat irabaztea —hirugarren izan zen 2016an—, baina aurtengo probara ez da bere onenean iritsi. «Konfiantza handiagoa izan dut beste urte batzuetan. Indar betean lehiatutako azken erlojupekoa Espainiako Txapelketakoa izan zen. Ez dut berriki emaitza on bat lortu izanaren bermea». Nolanahi, «onenen artean» sartzen ahaleginduko da.

Iaz, Rohan Dennis izan zen onenetan onena, eta australiarra ortzadar maillota defendatzen saiatuko da gaur. Horretarako, aurkari ahaltsuak gainditu beharko ditu. Primoz Roglic da horietako bat. Sasoi betean iritsiko da esloveniarra, Espainiako Vuelta irabazi ostean. Remco Evenepoel eta Victor Campenaerts flandiarrek ere zeresana eman dezakete. Evenepoel sasoiko ezusteko handienetako bat ari da izaten, 19 urte eskasekin. Besteak beste, Europako erlojupeko txapeldun izan da, eta Donostiako Klasikoa irabazi du. Campenaerts, berriz, orduaren markaren jabe da, eta iazko hirugarren postua ontzen saiatuko da. Tom Dumoulin, Chris Froome eta Geraint Thomas ez dira ariko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.