Final baten aurrekoa

Baskoniak ezinbestean irabazi behar dio gaur Valentziari Gasteizen (19:45), kanporaketa azken partidan jokatzeko. Galduz gero, kalera

MIGUEL ÁNGEL POLO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
TD Systems Baskoniak final bat jokatu nahi du etzi Valentzian. ACB ligako final-laurdenetako kanporaketako hirugarren eta azken partida litzateke. Horretarako, gaur irabazi egin behar dio Gasteizen (19:45), zalerik gabe, Valentzian herenegun ez bezala —1.500 lagun batu ziren han—, eta puntua eskuratu, aurkariak herenegun lorturikoa berdintzeko. Berez, gaurkoa ere finala da arabarrentzat, galduz gero kalean leudekeelako, baina, herenegun iluntzetik Dusko Ivanovic entrenatzailea eta hainbat jokalari zabaltzen ari diren mezuei erreparatzen bazaie, erabateko konfiantza dute gaur irabazteko. Sua ere bai, herenegungo azken jokaldian epaileen okerrak kondenatu zituelako galtzera. Beren burua Valentzian ikusten dute etzi, eta horregatik har daiteke gaurkoa final baten aurrekotzat.

Harrigarria ere ez da Baskoniakoak itxaropentsu egotea. Batetik, kolpe batean uxatu zituzten astelehen gauean liga erregularreko azken partidan erakutsitako halabeharrezko gabeziak (lesioak, COVID 19a eta jokalari aldaketak). Taldea ez da sasoi betean egongo, akaso, baina puntu onean dela erakutsi zuen Fontetan. Horrek konfiantza emango zien jokalariei datorrenerako, nahiz eta azken emaitza txarra izan zen. Valentziari irabazteko gai direla erakutsi zuten. Bigarrenik, astelehenekoak erakutsi zuen kontu txikiengatik ez zuela irabazi Baskoniak. Identifikatuta dauzkate horiek, eta zuzendu besterik ez dute egin behar. Egitea zailagoa izaten da, ordea, eta aurkariak ere zuzenduko ditu haren akatsak, baina ematen du Baskoniak badakiela Valentzia nola lotu. Hala ere, erne ibili beharko dute aurkariekin, erasoan, taldeko jokoan eta jokalari askoren kalitate teknikoan oinarritzen dutelako jokoa, eta oso arriskutsuak direlako saskiratzeko abagunea izanez gero. Astelehen iluntzean ere erakutsi zuten.

Horrek ematen du pista Baskoniaren estrategiak nondik nora joko duen igartzeko. Ez da misterioa, Ivanovicek berak nabarmendu zuelako Valentziako partidaren hasieran eta atsedenaldian: defentsa lan sendoa egitea, ahalik eta tarte luzeenan, ez baitio balioko partidaren zati batean bakarrik aritzea prestu horretan. Herenegungo adibidea hor dauka taldeak: lehen erdian, 35 puntu bakarrik saskiratu zizkion kontrarioak, baina, bigarrenean, 52, eta horietatik 27 azkeneko laurdenean. Valentziak barruko jokoa baliatu zuen Baskonia zulatzeko, kanpotik ez zuelako asko asmatu. Hori izango da gaurko beste korapilo bat: gai izango al dira Ivanovicen hiru jokalari erraldoiak maila ona emateko? Tonie Jekiriren inguruan, zalantza gutxi; Ilmane Diopek eta Yussufa Fallek sortzen dute kezka. Hiruren beharra du taldeak.

Baskoniak ez luke traba handirik behar erasoan, Valentzia ez delako oso saiatua defentsan. Baina asmatu egin beharko du jaurtiketa errazetan, asteleheneko une erabakigarrian ez bezala.

Estatistika, etxekoen alde

Ez dago batere argi estatistikek zenbaterainoko eragina izaten duten oraindik jokatu ez den partida batean, baina hor daude. Adibidez, gaurkorako bada datu on bat Baskoniarentzat: denboraldi honetan, bost bider jokatu dute elkarren aurka bi taldeek, eta etxeko taldeak irabazi du beti. ACBn, Baskoniak Valentzia menderatu zuen Gasteizen, baita Euroligan ere; aldiz, Fontetan, ligako eta Euroligako garaipenak Valentziak eskuratu zituen, eta asteleheneko kanporaketa ere irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.