Hedoi Etxarte

Euskadi, auzolana

2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Monster webgunearen leloetako bat omen da: «Benetan beharrezkoa zara. Beste toki batean». Lana bilatzeko webgune bat zen. Rodolphe Christinek argitu zuen: hemen lanik aurkitzen ez baduzu, lasai, beste nonbait izango duzu. Desplazamendua bizi hobe baterako baldintza gisa. Ez soilik Senegalen bizi direnentzat. Desplazamendua lan egiteko eta desplazamendua maitasuna aurkitzeko. Meetic kafe-hitzorduen webguneak ere hala saltzen du: maitasuna hobe aurkitzen da zure udalerritik kanpo. Hara paradoxa: maitasunak gertutasunarekin du harremana baina, antza, kaferik onenak kanpoan daude. «Printze urdinak gure kaleetan baleude hemendik ikusiko genituzke», dio publizitateak, ala «Zure bizitzako emakumearekin auzoan topo egiteko, zure auzoan bizi beharko litzateke». Urrundu zaitez gertuko norbait aurkitzeko. Jarrera guztiz anti-iraultzailea, desiraren funtzionamenduen guztiz kontrakoa.

Eta heriotzarekin berdin. Euskadi, auzolana: eta inork pentsa lezake, AHTa, euskal piramidea, bertako enpresek eraikiko dutela luxu hori. Baina ez. Kategoriako piramideek kategoriako sakrifizioa eskatzen diote jende xeheari. Florián Popa 2008: errumaniarra, metalezko pieza astun batek hila. 2010: 49 urteko portugaldarra, elektrokutatua. Mykola Eyschenkyy 2010: ukrainarra, leherketa batek hila, bere kide Dragomiv Yordanov bulgariarra larriki zauritua. 2011: 46 urteko bertakoa, bihotzekoak hila. 2011: 50 urteko portugaldarra, kamioian bizi zen, galgek huts egin zuten lotan zela. Antonio Álvarez Rodríguez 2012: Zamorakoa, hormigoizko 11,15 tonako pieza baten azpian hil zen. José María Castillo Alonso 2013: madrildarra, 6,5 tonako konpresore baten azpian hil egin zen. Irailean Zornotzan zortzigarrena, asteazkenean Zizurkilen bederatzigarrena. Bertakoak. Euskal azpiegiturok 7 hilkutxa inportatu dituzte. AHTa hezur-haragizko beste maisulan bat, nork jarri zuen bere kaskezurra?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.