Eusko Label ligako arraunlarien bilguneak ez du zerikusirik agiriarekin

«Hainbat arraunlarik» TKE kritikatu dute agiri bidez, «ekonomia osasunaren aurretik» jartzeagatik

Zierbenako trainerua branka altxatuta, iazko abuztuan, Hondarribian, Eusko Label ligako estropadan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainara Arratibel Gascon Aitor Manterola
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Ezinegona» eragin diete Eusko Label eta Euskotren ligetako «hainbat arraunlariri» Traineru Kluben Elkartearen batzarrean iragan larunbatean —maiatzaren 30ean— hartutako erabakiek. Haien arabera, osasun protokoloari, araudiari eta estropaden antolaketa eskuliburuari dagozkien erabakiak ez dira hartu «taxuz eta behar bezala hausnartuta». Agiri batean egin zuten atzo salaketa, eta argi dute: «Kirol eta interes ekonomikoak arraunlarion osasunaren gainetik jarri dituzte, eta gure eta gure ingurukoen osasuna arriskuan jartzera behartuak sentitzen gara, horrek dakarren kargarekin». Sinadurak biltzen ere hasi dira.

Ordu batzuk geroago, Eusko Label ligako talde bakoitzeko bi arraunlarik osatzen duten bilguneak azaldu zuen agiria ez dela berea, eta ez duela zerikusirik. Bilgune hori batzen hasi zen COVID-19aren gaitzaren ondorengo egoera arraunlariak nola bizitzen ari ziren kontatzeko, eta, aurrera begira, badu asmoa arraunlarien iritzi bateratua emango lukeen elkargunea izateko. Baina, gaur-gaurkoz, pare bat bilera bakarrik egin dituzte, eta adierazi zuten ez dutela hitzik egin agirian azaltzen diren gaien inguruan. Azkeneko bilera duela pare bat aste egin zuten, eta hurrengoa datozen egunetan egitekoak dira, behin TKEk onartu duen protokoloaren inguruan klubek arraunlariei eman beharreko azalpenak eman eta gero, ahal bada iritzi bateratu bat osatzeko.

«Hainbat arraunlarik» atzo goizean atera zuten agirian jartzen du TKEk osasun protokoloaren bertsio berri bat aurkeztu zuela larunbateko batzarra baino bi egun lehenago, eta «askoz ere leunagoa» dela aurrekoa baino. «Protokolo berrian, neurriak nabarmen murriztu dira aurrekoaren aldean. Adibidez, astean test bat egin beharrean, soilik hiru egingo genituzke denboraldi osoan». Agiriarekin bat egin duten arraunlariek «onartezintzat» jo dute hori, eta salatu dute ez dela «inondik inora» kontuan hartu beren iritzia.

Gainera, nabarmendu dute protokoloak ez duela aurreikusten COVID-19aren pandemiak okerrera egitea, eta horrek zalantzak sortu dizkie: «Osasun egoera larri baten aitzinean ez da neurri zehatzik hartzen». Hala, azaldu dute ezen, elkarte batek COVID-19 kasuak izango balitu, Lehiaketako Epaile Bakarraren mende egongo litzatekeela estropada batera ez aurkezteko baimena.

Argi gaitzetsi dute COVID-19 kasuak azkar detektatzeko gutxieneko kontrolak murriztu izana «ligen eta elkarteen bideragarritasun ekonomikoa bermatu nahian», eta alde batera utzi izana lehiaketa osterako dutxa eta aldagela duinen beharra. «Haatik, agintarien ontzia mantendu egingo da. Ligak kirolarien osasunaren aurretik jarri du irudi komertziala, eta adibide garbia da hori».

Hori guztia ikusirik, hau eskatu diete Ligari eta elkarteei: lehenik, «gogoeta egitea» maiatzaren 30ean hartutako erabakien inguruan, eta «kontuan hartzea arraunlarien iritzia»; bigarrenik, protokolo zehatz bat idaztea, estropadetan eta entrenamenduetan hartu beharreko neurrien aplikazio zuzenak jasoko dituena; hirugarrenik, aldaketak egitea estropaden antolaketa eskuliburuan, kirolarien beharrak lehenetsiko direla ziurtatzeko; laugarrenik, ontziren batean koronabirus kasuak egongo balira hartu beharreko neurriak ezartzea, bai lehiaketaren araudian, bai antolaketa eskuliburuan, baita osasun protokoloan ere.

Testak eta bozketa

Test ugari zuen hasieran TKEk klubei aurkeztu zien protokoloak, eta «moldagarria» zela azaldu zuen orduan elkarteak, egoera orokorrak hartzen zuen bidean oinarrituta. Horri heldu zaio orain TKEtik azalpena emateko: «Protokoloaz arduratu diren medikuek ikusi dute egoera orokorrak asko egin duela hobera azkenaldian, eta orain, ez dute beharrezkotzat jotzen test asko egitea».

Aurreneko proposamenak hautsak harrotu zituen klub askoren artean, haien gain uzten zelako testen kostua. Larunbateko bozketan, hamabi klubetatik, Ondarroak eta Zarautzek bakarrik bozkatu zuten aurreneko protokoloaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.