Batzuek saria, besteek kolpea

Bilbo Basketek ACB ligan jokatuko du datorren sasoian. Zaragozak kanporatu eta gero, ez da ziurra Perasovicek Baskonian segituko duenik

Javi Salgado kopa altxatzen atzean taldekideak dituela. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Poza Bilbon eta haserrea Gasteizen. Saskibaloiak bi sentipen horiek utzi ditu asteburuan hiriburu horietan. Retabet Bilbo Basketek ez zuen huts egin, eta, zaleen babesean, ACB ligara igotzeko Lauko Finala irabazi zuen igandean, Palmaren aurka. Hala, denboraldi baten ostean, berriro bueltan da maila gorenean. Orain, kantxan lortutakoa bulegoetan berrestea baino ez zaio falta. Kirolbet Baskoniak, aldiz, amaiera tristea eman dio denboraldiari, ACBko titulurako lehen kanporaketan Zaragozak mendean hartu baitzuen.

Lauko Finala etxean jokatuta, Bilbo Basketek dena zuen alde. Finalerdietan Melilla kanpoan utzi eta gero, finalean Palmari irabazi zion: 62-55. Zaleen bultzada eta Thomas Schreiner joko antolatzailearen jarduna erabakigarriak izan ziren. 58 segundo falta zirenean berdindua zegoen lehia: 55-55, eta Schreinerren hiruko batek utzi zuen erabakita partida.

Festa hasi zen orduan Miribillan, zaleek eta jokalariek ederki ospatu baitzuten igoera. Hunkituta hitz egin zuen Javi Salgado kapitainak: «Aldez aurretik gidoi bat idatzi izan bagenu, gauzak ez ziren horren ondo irtengo. Bi partida oso gogor jokatu behar izan ditugu, baina lortu dugu gure helburua: kluba ACBra bueltatzea. Oso harro nago talde honetaz».Ez zuen argitu datorren denboraldian taldean jarraituko ote duen: «ACBn jokatzea beste kontu bat da. Datozen egunetan hitz egingo dut klubeko arduradunekin eta familiarekin, eta erabaki bat hartuko dut».

Alex Mumbru entrenatzailea ere pozik mintzatu zen. «Partidako une zailetan burua hotz izaten jakin dugu, eta hori erabakigarria izan da. Bilbok eta taldeak merezi duen lekua da ACB liga. Aurreko denboraldikoaren ostean, zor nion halako zerbait taldeari».

Baskoniaren ezina

Uste eta espero baino lehenago hartu dituzte, berriz, oporrak Baskoniako jokalariek. Ostegunean gaizki hasi zuten ACBko final-laurdenetako seriea Zaragozaren aurka, eta herenegun ez ziren gai izan irudia hobetu eta hirugarren partida erabakigarria behartzeko. 76-69 galdu zuten.

Lehen partidan bezala, lo irten zen Baskonia, eta lehen laurden kaskarra jokatu zuen. 26-9 amaitu ziren lehen 10 minutuak. Gai izan ziren horri buelta emateko, eta azken laurdena zortzi puntuz aurretik hasi zuten: 49-57. Baina etxekoek ausardiaz jokatu zuten erasoan, eta defentsan zaintza itogarria egin zuten. Horri esker lortu zuten garaipena.

«Triste eta etsita» zen Perasovic: «Nire kirol ibilbideko unerik gogorrenetakoa da. Ez dugu nahikoa konfiantza eta indar psikologikoa izan kanporaketa iraultzeko». Bere etorkizunaz ez zuen hitz egin nahi. «Ez da momentua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.